Isabel benta gabe 25 urte

Guaixe 2015ko aza. 27a, 09:08
Isabel benta erre ondoren. Argazkia: Deia.

1990eko azaroaren 27an, gaur 25 urte, Isabel bentak su hartu eta erabat suntsitu zen. Astearte hartako goizaldean piztu zen sua. Hura itzaltzera Altsasu eta Iruñeko parkeko suhiltzaileak joan ziren. Garren kontra ezin izan zuten gauza handirik egin. Gainera, Altsasuko suhiltzaileen kaboa zen Venancio Amillano altsasuarra larri zauritu zen teilatuaren hegala gainera erortzean. Ezbeharraren ondoren Urtega-Barandiaran familia errepidez bestaldeko Etxe Berria deitutakora aldatu ziren.

Elkorriko ibarrean jende asko bizi izan zen garai batean: Bekola, Arañatarren etxea, Goikola, Piaren etxea, Kamineroena, Quifosa, Lizarrustiko hiru etxeak. Isabel bentan gela bat prestatuta eskola hartu zuen aldi batez. Baita eliza ere. San Jose egunez, martxoaren 19an, ospatzen zen festa Lizarrustin. Garai batean dantza lotua, agarrau, egiten zen Euskal Herriko toki bakarra zen Benta Isabel eta Lizarrusti.

Bertatik pasatzen ziren Estellesa eta Bergaresa (Pesa) konpainietako autobusen geldialdi behartua zen Isabel benta garai batean. 10 minutuko geldialdi haiek jendeak hankak luzatu eta bentan zerbait jan edo edateko baliatzen zuten. Jende gehien uda partean biltzen zen, artzainak batetik, eta, bestetik, Ataundik eta Lazkaotik arrantzara, zizetara edo karramarrotara autobusez igotzen ziren familiak.

Isabel bentakoak Alejandro Andueza uhartearrak (hamabostean behin) eta Juanito Igoa, Katxo, etxarriarrak (egunero) hornitzen zituzten garai batean. Bestela, Etxarrira autobusez joaten ziren, “beharrezkoa” zenean bakarrik joaten ziren etxekoen furgonetan. Argindarra sartu aurretik karburoarekin moldatzen ziren benta argitzeko. Quifosako presatik argindarra lortu zuten, baina motorra piztu-itzali beharrean aritu behar zuten. Udan ganaduarendako ura agortu egiten zen eta garbiketak ere errekan egin behar izaten zuten.

Erlazionatuak

Lizarrusti, festa lehertzear

Guaixe 2011 mar 18