Amnistiaren aldeko manifestazioa Bilbon

Guaixe 2015ko aza. 27a, 10:54
Manifestaziora deitzen Etxarrin egindako prentsaurrekoa.

Hainbat sakandarrek, ibarreko eragilek eta musika taldek bat egin dute Aministiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Bilbon biharko, 18:00etan, deitu duten manifestazioarekin. Deitzaileek azaldu dutenez, “bizi dugun gatazka gainditzeko behin betiko irtenbide bakarra errepresaliatuen baldintzarik gabeko askatasuna eta herri zapalkuntzaren gainditzea barnebiltzen duen amnistia integralaren gauzatzea da”.

Gaineratu dutenez, “Euskal Herria bi estaturen gatibu dagoelako murgildu ginen borrokan. Horregatik erori ginen preso batzuk, erbestera jo behar izan genuen besteok, eta beste batzuek bizitza galdu zuten. Ezin ukatu prezio altua ordaindu behar izan dugula gure konpromisoagatik”. Preso dauden “gure 430 kideak eta mundu osotik zehar ihesean ala deportatuta ditugun burkide guztiak” ez dituztela ahazten azaldu dute.

“Denok egin dugu borroka helburu berdinen alde eta denak libre izan arte guztiok sentituko gara preso”. Euskal Herriaren zapaldua jarraitzen duela gaztigatu ondoren, manifestazioaren deitzaileek diote “aurrerantzean inor gehiagok estatuen errepresioa ez pairatzea lortuko badugu, hori gatazkaren iturburu diren arrazoiak konpontzetik etorriko dela ondo dakigu”. Bilbon amnistia aldarrikatzera deitu dute.