Andra Mari ikastolak eraikin berriaren irekiera ekitaldia

Guaixe 2015ko aza. 27a, 09:59

Bihar, larunbata, 11:30ean Etxarri Aranazko Utzubar txiki dermioan dagoen ikastetxe berriaren irekierarekin batera hura bisitatzeko aukera izanen da, auzatearekin bukatzeko.

Ikasturte hasieratik Andra Mari ikastolako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak Utzubar txikiko eraikin berrian ari dira ikasten. Ikasle eta irakasleek ikasturteko martxa hartuta dutela, Andra Mari ikastolako zuzendaritzak irekiera ekitaldia antolatu du biharko. Haren bidez, proiektuan parte hartu eta lagundu duten guztiei (gurasoak, ikasleak, langileak, herritarrak, eragileak, instituzioak, enpresak…) eskerrona adierazi nahi diete.

Andra Mari ikastolaren historian etapa berria da eraikin berria. Hezkuntza proiektua bajera batean abiarazi zutenen ilobak daude gaur egun ikastola berrian. Ikastolako zuzendaritzatik adierazi dutenez, eraikin berriak “haurren euskarazko kalitatezko heziketa eskaintzeko egindako ahalegina izan da, ikastolaren etorkizuna bermatzeko urrats bat”. Gogorarazi dute ikastola berria 2009an antolatu zen Nafarroa Oinez ospakizunaren bidez finantzatu zela. “Bertan milaka eta milaka euskal herritarrek jarritako aleei esker ere izan baita posible hein handi batean orduko ametsa egia bihurtzea”.

Eraikina
2 eta 12 urte bitarteko haurrendako ikastetxe berria diseinatzerakoan ikastolako kideek  hartu duten ardatzetako bat “funtzionaltasuna” izan da, “ondorengo urteetan datozen erronka pedagogiko zein teknologikoei erantzuna emateko asmotan”. Hala, eraikinean espazio gardenak, pareta mugikorrak, taldeka lan egiteko espazioak, gela tematikoak eta beste daude. “Funtsean ikasketa prozesuan parte hartzen duten metodologia desberdinak aplikatu ahal izateko espazioak”.

Kanpoko espazioak diseinatzerako orduan, ikasle eta naturaren arteko erlazioa oso kontuan hartu dute.  Hiru eremu sortu dituzte: baso txiki batean bihurtuko den zelaia; kiroletako kantxa eta frontoia eta, azkenik, elementu naturalez eginiko parkea.

Ikastola berria Etxarri Aranazko Udalak utzitako lurretan eraiki dute. Udal horren eta eskualdeko beste batzuen ekarpen “garrantzi handikoa” eskertu dituzte Andra Mari ikastolatik.