Emakumeak ere

Guaixe 2016ko ots. 11a, 15:09

Unanun lehenengoz emakume bat jantzi da muttuz eta Urdiainen kintotan zortzikoa dantzatu du lehenengoz emakume batek

Aurten nobedadeak izan dira Unanuko inauterietan eta Urdiaingo Santa Agedako kinto ospakizunetan. Unanun, aurreneko aldiz, emakume bat atera da mamuxarroz jantzia eta katuela aurpegian. Muttuaren pertsonaian murgildu zen Aintzane Marin astearte ihote egunean. Muttuak mamuxarroak dira baina ez dituzte kaskarinak janzten. Hortaz, ez dute hotsik egiten eta ez zaie entzuten. Marinek Berria egunkarian adierazi duenez “pozik nago, emakume bat atera den lehen aldia delako eta herriko inauterietan parte hartu dudalako aktiboki, eta ez pasiboki, orain arte bezala”.

Bestalde, Urdiaingo kintoek, ohi bezala, zortzikoa dantzatu zuten igande eguerdian plazan. Urdiaingo 6 kintok dantzatu zuten zortzikoa eta tartean zegoen Sarabe Arakama. Bera kintotan zortzikoa dantzatu duen lehenengo nesakia izan zen. Bestalde, Urdiainen ohitura izaten da zortzikoan kintoek, mutilek, euren amak dantzara ateratzea, eta Sarabek ama atera zuen ere dantzara.