Umeak osasuntsu hazteko

Guaixe 2016ko ots. 26a, 08:25
Altsasuko osasun etxeko pediatriako itxaron gela.

Haurrak egoki jan eta hazteko, heldu den astean ohitura osasuntsuak zabaltzeko programa martxan jarriko da.

Burunda mendebaldeko Oinarrizko Osasun Eskualdeko umeek bizi osasuntsua izan dezaten, programa batek elikadura onuragarria eta egunerokoan ariketa fisiko gehiago egiteko beharra sustatu nahi du. Altsasuko osasun etxetik bulkatu da, Osasun Publikorako Institutuaren, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren, Burunda mendebaldeko Haurtzaro eta Gazteriarendako Sarearen eta Altsasuko Udalaren laguntzaz. Aurreneko institutuak finantzatu du.

Altsasuko Osasun Etxeko Maria Jesus Azkarate erizainak, Roberto Valdes eta Sandra Gurutxarrri Pellejero pediatrek eta Gurutze Goikoetxea gizarte langileak garatu dute programa. Azken biek jakinarazi digutenez, Nafarroan haurren artean loditasun eta gehiegizko pisua duten eremuetako bat Burunda mendebaldeko Oinarrizko Osasun Eskualdea da. Orain arte aholkuak ematen zituzten baina nahikoa ez zela ikusten zuten. “Horregatik, gaia kontsultatik harago landu nahi genuen”. Dauden udal baliabideak “optimizatzeko” bitartekari lanetan aritu dira osasun etxetik.

Programa
Eskualdean haur asko daudenez, Altsasuko osasun etxeko profesionalek 6 eta 9 urte arteko haurretan zentratzea erabaki zuten. Gurasoei informazio gutuna bidali ondoren 15 bat umek izena eman dute. Haiek martxoaren 1etik garagarrilaren 9ra, astearte eta ostegunero, ordu batez kiroldegian elkartu eginen dira. Kirol begirale batekin egonen dira, baina olgetarako tartea irekia izanen da.

“Helburu handirik gabe, haurrek ariketa fisikoa eginen dute. Aerobikoa, ez-lehiakorra, ongi pasatzea, denak elkarrekin ibiltzea, mugitzea aitzineko jokoekin edo arautu gabeko jokoekin”. Umeen autoestimua landu nahi dute, umeek “oso gaizki” pasatzen dutela badakitelako. Zer esanen dute, barre eginen dute, ez dut hainbeste korrika egiten… Halakorik ez dugu nahi. Hola nago eta, tira. Estereotipoetan sartu gabe”. Haur horiei pediatria kontsultan jarraipena eginen diete.

Gainera, gurasoei zuzendutako hiru heziketa saio antolatu dituzte. Aste honetan gurasoei programaren edukien berri eman diete. Osasun arloko profesionalek argitu dutenez, “ez gara besteez ahaztuko. Gure helburua ume osasuntsuak eta alaiak izatea da, eta denek ongi pasatzea”. Horregatik, guztiei jarraipena eginen diete.


Aitzindaria
Lehen aldia da halako programa bat garatzen dena. “Osasun Publikoko Institutuak osasun etxe batetik halako eskaera egiteagatik poztu egin ziren. Bazekiten hainbat eskualdeetan zein arazo genuen, baina inork ez zuen pausorik ematen”.

Ikasturtea oso aurreratua dago eta ume batzuk eskolaz kanpoko beste jarduera batzuetan izena emanda daudelako ez dira programan ariko. Asmoa lehenago hastea zen, baina ezin izan da. Hala ere, heldu den ikasturtean programari segida emateko asmoa dute eta kurtso hasieratik martxan izatea nahi lukete. Bestalde, egitasmoaren osagarri, ikastetxeetan Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuarekin batera sei urteko umeei zuzendutako Trankirekin jolastu, jan eta ongi pasa programa lantzen ari dira. Beste ikastetxe batzuetan klasera oinez joateko programak dituzte.



Gaitza
Modu jarraian behar dena baino gehiago janez gero, gorputzak bere adin, sexu eta altueraren arabera dagokion pisua baino gehiago hartzen du eta soberakoa gantz gisa gordetzen da. Gantz deposituak handitzen badira loditasuna agertzen da. Loditasuna gaixotasuna da eta harekin lotuta daude arteria-hipertentsioa, diabetesa, bihotzeko gaixotasunak, arnastekoak, muskulu eta hezurretakoak.

Haurren loditasunaren kontra egiteko egunero 60 minutuz jarduera fisikoa egitea aholkatzen da (jolastea, eskailerak igotzea, ikastetxera oinez joatea, txakurra paseatzera ateratzea…) eta 2 ordu baino gutxiago ematea telebistari, bideojokoei edo bestelakoei. Horrekin batera, egunero gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, merienda eta afaria egitea garrantzitsua da. “Kantitateak kontrolatuak izatea, hori oso garrantzitsua da”. Frijitu gutxi eta fruta eta barazki ugari dietan sartzea gomendagarria da. Gantz aseak eta trans-gantzak arriskuak izan daitezke. Horrekin batera, azukre kontsumoa murriztea (gozoki eta freskagarriak) gomendatzen da.