Jolasten egiten den terapia

Guaixe 2016ko mar. 4a, 08:27

Lau zango, milaka irri garapenean zailtasunak dituzten haur eta familiei zuzendutako animaliek lagundutako terapia programa bat da. Bocalan Biak Bat-ek martxan jarri duen terapia berria eta berriztatzailea da eta Altsasuko egoitzan aurrera eramaten du. Hiru hilabetez zortzi haurrek eta zazpi familiak parte hartu dute programa honetan eta hobariak nabarmenak izan dira, Amaia Oraa programan parte harte hartu duen ume baten amak dioen bezala. Laguntza behar dute programarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Umeak ez dute terapia bat bezala ikusten “txakurrarekin jolastera” joaten direlako, eta horrek motibazioan laguntzen du, Josune Azpiroz Bocalan Biak Bat-eko psikologoak azaldu duen bezala.

Animaliek ez dituzte aurreiritzirik, ez dute diagnostiko batekin lan egiten eta ez dituzte haurren arazoak ikusten. Animaliek ez dute hori buruan eta umeak agurtzera gerturatzen dira eta interakzioa bilatzen dute. Oso garrantzitsua da animaliek ematen duten konfidantza hori terapian, Josune Azpirozek azaldu duen moduan. Animaliak profesionalak iritsi ezin diren konfidantza harreman batera iristen dira, eta profesionalei haien lana egiten laguntzen die. Baina nahi gabe egiten da. “Umeak helduekin egotera ohituta daude eta egiteko hainbat gauza eskatzen zaie. Baina hemen ez dira konturatzen terapia egiten ari direla. Txakurrarekin edo animaliekin jolastera etortzen dira. Zirkuitu bat egin behar dute eta agian beldurra diote, baina txakurrak egiten duela ikustean haiek ere egiten dute. Edo aldrebes, txakurrari erakusten diote zirkuitua nola egiten den”. Animaliekin motibazioa lantzen dute gehien bat. Haurrek txakurraren bidez jasotzen ditu eskaerak, eta txakurrarekin jolasten duenez, modu naturalean egiten ditu gauzak.

“Nire semeak ordu asko pasatzen ditu helduekin: eskolan laguntza dauka, beste terapia batzuk... Hona etortzen denean Niponekin jolastera etortzen da. Baina gauzak ere lantzen ditu”. Amaia Oraa olaztiarraren semea Lau zango, milaka irri programan hiru hilabetez egon da. Programa horretan zazpi familiak eta zortzi ume egon dira, eta Oraa Sakanako familia bakarra izan da. Animaliek haren semearen garapenean izan duten eragina “nabarmena” dela dio. “Lengoaian atzerapena dauka eta ahoskeran asko hobetu duela nabaritu dugu, orekan ere hobetu du...”. Bere semea “oso pozik” joaten dela dio; Bocalan Biak Bat egoitzatik pasatzerakoan Nipon txakurrarekin jolastera joan nahi dela dio.

Animaliekin terapia egiten dutenean ahalegin bera egiten dutela dio Azpirozek, baina “ez da antzematen”. Terapia osagarria da kasu gehienetan, baina ez du horrela izan beharrik. “Tratatzen dituzten beste profesionalekin eta gurasoekin hitz egiten dugu jakiteko zer egiten duten, zer behar duten, etabar. Ez da terapia alternatibo bat, osagarria baizik”. Animaliekin egindako terapiekin motibazioa lantzen dutenez, motibazio horrek aurrera egitera eramango dute eta aurrerapausuak azkarrago ematen laguntzen du. Bi adin tarterekin lan egiten dute: 0-6 urte bitartekoak garapenean txikiak direnetik laguntzen zaiela, eta 6-12 urte bitartekoak garapenean laguntzeko.

Laguntza
Lau zango, milaka irri programa berria eta berriztatzailea da eta aurrera eramateko laguntza behar dute. Nafarroako Kutxa fundazioak emandako diru-laguntza jaso dute, baina ez da nahikoa. Joan den urtean Barañaingo kultur etxean jaialdia egin zuten eta jasota diruarekin eta hainbat ekarpenekin batera lau familiek beka jaso zituzten. Aurten ere ahalik eta familia gehien lagundu nahi dituzte. Hortaz, elkartasun afari bat egin nahi dute. “Baina familiek haien gauzak dituzte egiteko, guk gureak... afaria antolatzen laguntzen digun jendea behar dugu. Edo, adibidez, pentsatu dugu Olatzaguiako Udalarekin batera kultur ekitaldi bat antolatzea eta dirua honetara bideratzea...”. Bocalan Biak Bat-eko helburua da jendeak zerbaitekin disfrutatzea eta, aldi berean, laguntzea. Sakanako Mankomunitatearen eta udalen laguntza ezinbestekoa ikusten dute ere.

Programarekin jarraitzeko gauzak guztiak prest daude. Familia gehiago ere programan izena eman dezakete. Garapenean zailtasun dituzten ume eta familia zuzenduta dago. “Zenbat eta familia gehiago orduan eta garrantzia handiagoa hartuko du gizartean eta horrela errazagoa da jendeak laguntza ematea”. Familian parte hartzea ere oso garrantzitsua ikusten dute, Azpirozen esanetan. “Guk azaldu dezakegu programa nola joaten den eta zer behar ditugun, baina familiak hobeto azaldu dezakete zer behar dituzten eta bere bizitza nola hobetu daitekeen”.

Bocalan Biak Bat-eko Lau zango, milaka irriren programarekin parte hartu nahi duten edo nolabait lagundu nahi dutenek mezu bat bidali dezakete bocalabiakbat@gmail.com helbidera.