Parlamentuak 1936an errepresaliatutako hautetsiak gogoan izan ditu

Guaixe 2016ko api. 18a, 19:30

Nafarroako Parlamentuak 1936ko estatu kolpea eta gero eraildako hautetsien omenezko ekitaldia hartu zuen atzo. Parlamentuko presidenteak, Ainhoa Aznarezek, “eragindako minagatik” barkamena eskatu zuen. “Doilorki eraildako hautetsien ondorengoei gaur arte etxe hau ez zaie zuzendu. 80 urtez hartutako zorra kitatzen dugu”. Atzoko ekitaldian ere, Nafarroan 1936an hildako 118 zinegotzi eta 36 alkateen izen zerrenda duen plaka tokiz aldatu eta toki ikusgarriago batean jarri dute, Parlamentuan bertan.

Ekitaldi hunkigarrian hildakoen senideak eta hautetsik izan ziren. Tartean Sakanatik joandakoak: hainbat altsasuarren senideak, memoriaren aldeko ekintzaileak eta Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Ziordiko alkateak, Ainara Aiestaran, Eneka Maiz eta Patxi Bengoetxea, eta Altsasuko alkate-ordea, Pedro Jimenez, ere izan ziren.



Omendutako hautetsi sakandarrak


Alkateak

Silverio Astiz Lakuntza
Uhartearra 1877ko garagartzaroaren 20an jaio zen. Ramon eta Gregoriaren semea, Nicolasa Ezkurdia Garziandiarekin ezkondua zegoen eta seme bat zuen. Nekazaria eta UGTko kidea, Uharte Arakilgo alkatea zen, 59 urte zituela, atxilotu eta espetxeratu zutenean. 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten, Iberon. Berarekin batera Silverio Astiz Ezkurdia erail zuten ere.

Antonino Goikoetxea Otegi
Antonio eta Martinaren semea 1893ko abenduaren 20an jaio zen, Altsasun. Maria Josefa Lasa Jauregirekin ezkondu zen eta 5 seme-alaba izan zituzten: Mª Natividad, Mª Aranzazu, Jose Luis, Francisco Javier eta Jose Maria. Porlandegiko bulegoan lan egiten zuen. Izquierda Republicanako kide, 1931n alkate izan zen. 44 zituela hil zuten, 1937ko martxoaren 18an, Lezaunen. 



Epifanio Gonzalez Villar
Gregoriaren eta Jose Julianen semea 1900eko apirilaren 7an jaio zen, Ziordin. Francisca Satrustegirekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten. UGTko kidea eta zementu langilea. 1936an Ziordiko alkatea izan zen. 36 urte zituela Bilboko frontean hil zen, 1936ko lastailaren 9an. 


 



Zinegotziak
Pedro Ihabar Lakuntza
Arbizuarra, 1889ko garilaren 19an jaio zen Maria Carmen Lakuntza Lazkoz eta Juan Antonio Ihabar Arbizuren semea. geltokiko orratz-zaintzailea zen ogibidez. EAJ-PNVko kidea, 1931n eta 1936an zinegotzia izan zen. Ezkongabea zen. 47 urte zituela hil zuten Oskiako txipudian, 1936ko garilaren 28an.

Felix Lopez Sanchez
32 urte zituen hil zutenean, Litiagon (Zaragoza) jaioa, Maria Zornoza Bea altsasuarrarekin ezkondua zegoen. Praktikantea eta bizargilea zen. 1933ko ilbeltza eta maiatza artean Etxarri Aranazko Udaleko kudeatzailea izan zen, Benedicto Barandalla buru zuen udal berriak kargua hartu zuen arte. Lopez Altsasuko espetxean preso sartu zuten eta 1936ko irailaren 22an erail zuten Lizarrustin, Gregorio Zufiaurrerekin batera. Zenbait urte geroago haren senideek gorpua Altsasuko hilerrira eraman zuten. 1936ko Estatu kolpearen ondorioz Etxarrin eraildako 11 errepublikanoetako bat da Lopez.

Martin Somocurcio Albistur
Carmina eta Joseren semea 1901eko abenduaren 27an jaio zen, Altsasun. Teresa Etxeberria Zabalorekin ezkondu zen, Jose Maria eta Maria Fermina seme-alabak izan zituzten. Zementuko langilea, UGTko kidea zen. 1933an eta 1936an zinegotzia izan zen. 34 urte zituela, 1937ko azaroaren 17an fusilatu zuten Santoñan (Kantabria). Bi egun geroago Ciriegoko (San Roman de la Llanillako hilerri zibilean lur eman zioten). 



Isidro Zornoza de Jorge
Altsasun jaio zen 1892 maiatzaren 15ean. Maria Urrestarazu Mendizabalakin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten: Jose, Esteban, Amparo, Mario eta Venancio. Aurrezki Kutxako zuzendaria zen. UGTko kidea, sindikatuko Altsasuko idazkaria izan zen. Baita 1931n eta 1932an zinegotzia ere.
Preso izan zuten eta Bilbon 1938ko ilbeltzean hil zuten, 46 urte zituenean. Haren ondarea konfiskatu zuten. 

Domingo Bados Garcia
Dorotea eta Marcelinoren semea, Ameskoako San Martin herrian jaio zen 1903ko abenduaren 29an. Ezkongabea, Olatzagutian bizi zen, bertako irakaslea baitzen. UGTko kidea, 1933an zinegotzia izan zen. 32 urte zituela Olatzagutian hil zuten 1936 garilaren 25ean.



Ramon Goikoetxea Etxeberria
Prudencia eta Baltasarren semea 1906 agorrilaren 31n jaio zen, Ziordin. Severina Pozueta Arregirekin ezkondu eta bi seme-alabaren guraso izan ziren. Zementu langilea eta UGTko kidea. 1936an zinegotzia izan zen. Ihes egin ondoren errepublikaren aldeko frontean hil zuten, 30 zituela, 1936ko garilean, Beasainen.