Errenta aitorpena, euskaraz

Guaixe 2016ko api. 19a, 14:06

Urtetik urtera gero eta sakandar gehiagok egiten dute aitorpena euskaraz. Euskararen normalizaziorako bidean pausoa da, baina pauso sendoa izateko herritar gehiagoren parte-hartzea ezinbestekoa da.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du martxan aurten ere. Kanpaina horrekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bulkatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz aparte, administrazioaren euskalduntzea ere bulkatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da eta, horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Sakanako herritarrak arlo horretan ere aitzindariak izatera animatu ditu UEMAk.

Aukerak
Aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko. Nafarroako Gobernuak aitorpen proposamena gaztelaniaz egina bidali badigu, onartzerakoan euskaraz egin nahi dugula esan eta aurrerantzean euskaraz bidaliko dizkigute. Aitorpena ogasunaren bulegoan egin nahi duenak, hitzordua hartzerakoan ogasunarekin harremanak (aurrez-aurrekoak, telefonoz edo Internet bidezkoak) euskaraz nahi ditugula adierazi beharko dugu. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daiteke.

Errenta aitorpena Internet bidez euskaraz egin daiteke ere. Saretik errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Aholkularitzaren edo finantza erakunderen bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz nahi duzula.