Euskararen egoera Sakanan diktaduraren garaian

Guaixe 2016ko api. 22a, 08:00

Apirilean gaude oraindik, Errepublikari loturiko hilabete euritsuan. Askatasunaren hilabetea. Francoren Estatu Kolpearekin batera Errepublika egunak bukatzeaz aparte, zoritxarra eta beldurra hedatu zen bazter guztietan. Euskararen alorrean ere bai. Izan ere, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta ikastolak bultzatzen zituen Emakume Abertzale Batzak bere jardunari bukaera eman zioten eta euskararendako gau luzea iritsi zen.

Hamahiru urte pasa behar izan ziren harik eta 1949an Nafarroako Foru Aldundiak euskara ikasteko klase batzuk eratu zituen arte. Urte batzuk geroago, 1957 urtean, “Euskara Sustatzeko Saila” sortu zen Diputazioan. Hauxe da urte hartako azaroaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean irakur zitekeena:
“Euskeraren alde Diputazioak jarri duen sail berri ontan lan egiten dutenak, abenduaren lendabiziko hamabost egunetako jai egunetan (igandeetan) Irañetatik asi eta Urdiain bitarteko erri guzietako umetxoak esaminatuko dituzte…”

Eta gaineratzen zuten: “… eta euskera mintzatzen umetxo guziei sari ederra emango ere.” A! Zeinen ongi, opariak eta guztiz!

Umeen Deia aldizkarian lan hauen berri eman zuten. Han esaten zenaren arabera, Sakanako haurrak hiru taldetan banatu zituzten haien euskara jakituria mailaren arabera. Lehenengo taldean doi-doi euskara ulertzen zutenak; bigarren taldean, gutxi hitz egiten zekitenak eta hirugarren taldean oso ongi hitz egiten zutenak.

Sailkapen hura kontuan harturik, hauexek izan ziren herriz herri, lortu ziren emaitzak:
Arbizu: 145 haur eta denak euskaldun oso, denak bikain aritzen zirela euskaraz.
Arruazu: 41 haur, denak euskaldunak, 30 gutxi zekitenak, 3 erdizka, 8 oso ongi.
Ergoiena: 167 haur eta horietatik 107 oso ongi hitz egiten zutenak.
Etxarri Aranatz: 325 haur, 37 gutxi zekitenak, 71 erdizka eta 152 oso ongi hitz egiten zutenak.
Irañeta: 46 haur, 14 haur euskaraz zekitenak, baina doi-doi (lehenengo taldekoak).
Lakuntza: 135 haur gutxi gorabehera, 60 erdizka zekitenak eta 42 oso ongi.
Lizarragabengoa: 19 haur eta denak euskaldun osoak.
Uharte-Arakil: 100 haur, 6 gutxi zekitenak, 4 erdizka eta 9 ongi hitz egiten zutenak.
Urdiain: 78 haur eta, hauek ere, euskaldun peto-petoak.

Bilketa, egia esan, ez zen oso sakona eta sistematikoa izan; adibidez, Burundako herri gehienak kanpoan gelditu ziren, beste huts nabarmenak nabaritzen dira zerrenda honetan… ez ote zegoen jada haur euskaldunik herri horietan? Ez dakigu, baina, dena dela, gaur egun gauzak erabat aldatu direla esan dezakegu. Garai haietako beldurrak alboratu dira eta zerrenda honetara herri asko batu dira. Euskara eskoletan sartzearekin batera, indartu eta hedatu da. Errepublikaren hilabetean gaude eta euskara loratzen ari da udaberria bezala.