Maiatzak altxatzera

Guaixe 2016ko api. 29a, 09:11
Ziordiko haurrek joan den urtean maiatza jaso zuten.

Maiatzaren 1arekin batera jasoko dira maiatzak. Etxarrin, Bakaikun eta Ziordian goizez eginen da lana; arratsaldean, berriz, Iturmendin.

Igandetik aurrera bargara begiratuz gero, hiru maiatza ikusiko ditugu jasota. Eta beste bat Iturmendiko plazatik pasatzen bagara. Antzinako ohiturei jarraiki, 4 pago enbor edo maiatz jasoko dira maiatzaren 1ean Sakanan. Hostoa haitz gainean dagoela eta azienda mendira igotzeko garaia dela iragartzen dute maiatzek.

Bakaiku eta Etxarri
Bakaikuarrak izango dira goiztiarrenak. 9:00etan jarri dute hitzordua plazan, bargara oinez joateko asmoarekin. 11:00ak aldera mendi puntan egotea espero dute, maiatza igotzen hasteko. Handik metro gutxira, etxarriarrek pago enborra Hartzabalen zutitzeko lanei eguerdia pasatxo dela ekinen diote, 12:30ak aldera. Bai Bakaikun eta baita Etxarri Aranatzen ere, jendetza bilduko da maiatza igotzeko lanak jarraitzera.

Ziordian bigarrenez bargan
Ziordian 2000 urtean berreskuratu zuten maiatza jartzeko ohitura. 2007ra arte herrian jaso zuten, baina ondorengo urteetan ez zen jarraipenik izan udalaren eta herritarren arteko iritzi ezberdinak tarteko. Joan den urtean maiatza barga gainean jaso zuten, Ziordia Bizirik-ek deituta. Eta aurten ere horrela eginen dute. Domekan 9:00etan jarri dute hitzordua, mendate zaharretik bargara igotzeko. Behin goian, 11:00etan ekinen diote maiatza jasotzeko lanei. Behin herrian, 14:00etan, maiatza txikia jarriko dute haurrek Txipudian. 15:00etan herri bazkaria izanen da.

Iturmendin, arratsaldez
Azkenik, bapo bazkaldu eta gero, iturmendiarrek 18:00ak aldera lanari helduko diote: plazan etzanda dagoen pago enbor luze txuritua jasotzea. Jendetza eta argazkilari ugari biltzen da iturmendiarren ahaleginak jarraitzera. Kintoen ardura izaten da basora pagoa bilatzera joateko ardura. Behin pagoa hautatuta, azala kentzen diote. Domekan jasoko dute, eta ondoren auzatea izanen da. Hilabete emango du plazan, eta bota ondoren bertatik ateratzen den egurraren dirua kintoendako izanen da.