Hauteskunde orokorrak 2016

Alderdiak hauteskundeei begira

Guaixe 2016ko mai. 10a, 16:40
Abenduko hauteskunde orokorreko emaitzen Sakanako planoa.

Gobernua osatzeko negoziazioak emaitzarik gabe despeditu ondoren, hauteskunde orokorrak garagarrilaren 26an izanen dira. Alderdi eta koalizioak data horri begira erabakiak hartzen hasi dira. Nafarroako Ahal Duguko zirkulu guztiak, Altsasukoa barne, aurreko astean erabaki zuten herrialdeko gobernua sostengatzen duten gainontzeko alderdiekin ez aurkeztea. Ezker Batuarekin aurkezteko aukera lehenetsi zuten. Estatuko aurreakordioa atzo sinatu zuten, orain berrestea falta dena.

Ezker Batuak ere lauko hautagaitzaren kontra egina zuen. Nafarroan kide duen Batzarre estatu mailan Podemosek eta Ezker Batuak lortu duten zerrenda babestuko duen kontsulta bidez erabakiko du. UPNk eta PPk berriz elkarrekin aurkeztuko dira. Erregionalistek zerrenda buruak hauteskunde primarioen bidez aukeratuko dituzte igandean. Bestalde, Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarrak elkarrekin aurkeztearen aldekoak ziren Geroa Bai eta EH Bildu. Orain elkarrekin edo bakoitza bere kabuz aurkeztea aztertzen ari dira. Erabakia azkar hartu beharko dute hautagaitzak aurkezteko epea bertan baita.