III. Ergako Kronoigoera jokoan

Guaixe 2016ko mai. 20a, 11:19

Bihar, 10:00etan, Irurtzungo Aska plazatik

La Guan taldeak hirugarrenez antolatu du Ergako Trinitatera Kronoigoera. Bihar goizean izango da, Irurtzungo Aska plazatik aterata. Goizeko 9:30ean izena ematea izango da, eta goizeko 10:00etan abiatuko da proba. Aurreko urtean 39 korrikalari animatu ziren Irurtzundik Ergako Trinitatera igotzera eta aurten ere giro ederra espero da. Iaz Mikel Rubio (22:44) eta Miren Zubieta (31:40) izan ziren azkarrenak.

Zegama-Aizkorri maratoiari begira
Igandean jokatuko da XV. Zegama Aizkorri Mendi Maratoi ezaguna (42 km), 9:00etan. Makina bat sakandarrek egin zuten bertan parte hartzeko eskaera, eta zozketen ondoren soilik gutxi batzuk lortu dute bertan aritzea. Lasterketa honek jarraitzaile ugari biltzen ditu bertako maldetan eta Otzaurtera, Aizkorrira, Urbiara eta beste hainbat txokotara makina bat sakandar bertaratuko dira.
Bestalde, gaur, ostiralean, II. Zegama-Aizkorri Km Bertikala jokatuko da, 16:00etan. Bertan ere kirolari sakandarrak izango ditugu.