Gorritik jantzi zuen txapela Irurtzunen

Guaixe 2016ko eka. 6a, 10:07

Seniorretan Yoldi eta Gorriti eta 22 urtez azpian Mugiro eta Agirre izan ziren XXIV. Irurtzungo Pilota Txapelketako txapeldunak

Larunbat arratsaldean giro polita izan zen Irurtzungo pilotalekuan. Martxoaren bukaeran hasitako XXIV. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak jokatu ziren eta pilotazaleek puntako partidez gozatzeko aukera izan zuten. 22 urtez azpiko finalean Mugirok eta Agirrek jantzi zuten txapela, Zudaireri eta Eskuderori 13 eta 22 irabazi eta gero.
Segidan, senior mailako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zen. Bi bikoak parez pare aritu ziren eta oso partida lehiatuan azkenean Apezetxea eta Arratibelek 22 eta 19 irabazi zieten Urkizuri eta Altunari.
Bukaeran, seniorren mailako final handia jokatu zen. Alberto Ongay satrustegiarrak Tabarren laguntza izan zuen Yoldiren eta Gorriti uhartearraren kontra egiteko. Partida oso borrokatuan, azkenean txapela Uharte Arakilera joan zen, Yoldik eta Gorritik 16 tantotan utzi baitzituzten Ongay eta Tabar. Sari ematean antolatzaileak, Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Kontseiluko presidente Ruben Goñi, besteak beste.

XXIV. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalak
22 urtez azpian: Zudaire-Eskudero 13 / Mugiro-Agirre 22
Seniorren 3. eta 4. postua: Urkizu-Altuna 19 / Apezetxea-Arratibel 22
Seniorrak: Ongay-Tabar 16 / Yoldi-Gorriti 22