Otsoportilloko lezean indusketa

Otsoportilloko aztarnak laborategian

Guaixe 2016ko eka. 17a, 08:33

Senideei DNA laginak hartu zizkieten hezurretatik atera dezaketenarekin alderatzeko.

Bigarren larunbatez Aranzadi zientzia elkarteko kideak Otsoportilloko lezera jaitsi ziren. Joan den larunbatean lezea bera aztertu bazuten azken honetan han zeuden hezurrak jaso eta atera egin zituzten. Francisco Etxeberriak lezetik atera berritan senideei jakinarazi zienez, sei pertsonen hezurrak jaso zituzten. “Ez dakigu gehiago egonen diren. Lepauztai asko opatu ditugu, baina laborategian ikusiko da pertsonaren bat gehiago dagoen edo ez”. 

Metalezko kutxan zeuden hezur guztiak jaso zituzten; “denak pertsonenak dira, lauzpabost kenduta. Buru-hezurrik ez dago, garondo eta belarri aldeko hezur zati txikiak salbu. Hezurrek ez dute bala arrastorik”. Metalezko kutxatik kanpo ez zuten hezurrik opatu, ezta lezeko bigarren galerian ere. Aranzadiko kideak azaldu zuenez, “hezurrak bustita daude, lehortu eta DNA lortzen saiatuko gara”. Haiekin batera hotz protesi baten zatia eta oso hondatutako bala baten zatia atera zituzten. Identifikazioak noizko egon daitezkeen galdetuta, Etxeberriak ez zuen datarik eman nahi izan, laborategiko lanaren eta txostenaren erredakzioaren araberakoa izanen baita.

Larunbat goizean bost ordu egon ziren lanean Aranzadikoak makina bat lekukoen aurrean. Haien artean Nafarroako Gobernuko Josemi Gaston zegoen, Nafarroako Gobernuko Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideak zuzendaritzako Historia Memoriako atal burua dena. Aurreko larunbatean zuzendari nagusia ere izan zen, Alvaro Baraibar.

Kata
1979an Satorrak espeleologi taldeko kideak lezera jaitsi zirenean 10 metro egin zuten behera eta 14 gorpu opatu zituzten (13 gizonezko eta emakumezko bat). Larunbatean 7,8 metro. Propio botatako kaskailu pila handia dago, 3 metroko altuera duena. Arrastoak ezabatzeko izan zitekeela pentsa liteke, 1979an Jimeno Juriok eraildakoen inguruan hainbat albiste argitaratu ondoren, lezea profanatu egin zutelako. 1982an senideek metalezko kutxa batean sartu zituzten hezurrak, tartean zortzi buruhezur).

Aranzadiko kideak harri pila horren azpian dagoena ikertzeko aukera aztertzen ari dira. Arkeologoen moduan, kata bat eginen lukete eta zulo horretan lezeko zoruraino joko lukete, hezurrik opatzen ote duten ikusteko.

Lekukotzen eskaera
Hezurrak hobitik ateratzen dituzten bakoitzean Aranzadi zientzia elkarteko kideek txostena egiten dute. Horregatik, bideo irudiekin dokumentatu zuten bi larunbatetako lanak. Gainera, senideei elkarrizketak egin zizkieten. Etxeberriak senideei, eta jendarte guztiari, Otsoportillori buruz duten dokumentazioa emateko eskaera egin zien: “argazkiak, gutunak, olerkiak, orain arteko urteroko omenaldiei buruzko irudiak eta lekukotzak… Guztia txostenean gaineratuko genuke.” Eskaeraren arrazoia azaldu du Aranzadikoak: “Nahiz eta txostena beti osagabea izan, historia horrela izan zela esateko balio du.”

ETB
Otsoportilloko lezeari buruzko lana grabatu zuten larunbatean. Dani Alvarez kazetaria Aranzadikoekin batera lezera jaitsi zen.