Sanferminek dakartzatena

Guaixe 2016ko uzt. 8a, 12:21
Aurten Floren Nazabalk ez da arituko sanferminetako jaialdietan.

Eguerdiro Iruñeko Foru Plazan antolatutako herri kirol jaialdi eta txapelketetan sakandarrak izanen ditugu lanean

Sanferminetan herri kirolek protagonismoa izaten dute eguerdiro Iruñeko Foru plazan. Kirolari sakandarrak ere lanean ariko dira.

Jon Irañeta Nafarroako Harrijasotze Txapelketan
Larunbatean, 12:00etatik aurrera, Iruñean
Larunbatean Nafarroako Harrijasotze Txapelketa jokatuko da. Bertan hiru harri jasotzaile lehiatuko dira, Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen den Jon Irañeta irurtzundarra tartean. Josetxo Urrutia leitzarra eta Albaro Zugarrondo iruindarra dira beste biak. Hiru harri desberdinekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola–bi minutuko txandak egin beharko dituzte.

Sakandarrak aizkoran, trontzan eta proba konbinatuetan
Astelehenean, 12:00etatik aurrera, Iruñean
Astelehenean aizkoraren, trontzaren eta proba konbinatuen txanda izango da. Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketarekin abiatuko da Foru Plazako herri kirol jaialdia. Guztira 13 aizkolari ariko dira lanean, tartean 4 sakandar. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta onenek egingo dute aurrera.
Ondoko aizkolariak ariko dira lanean: Patxi Mindegia (Zubieta), Jon Telletxea (Beintza Labaien), Jesus Etxeberria (Beintza Labaien), Koldo Garcia (Uharte), Moises Gogorza (Ezkurra), Iosu Agirre (Arbizu), Joan Flores (Arbizu), Iosu Jaka (Etxarri Aranatz), Eneko Pagola (Anoz), Jacinto Etxekonanea (Beintza Labaien), Iker Gorriti (Uharte Arakil), Marc Duch (Irurita) eta Xuban Kañamares (Arostegi).

Ondoren Nafarroako Kadeteen Mailako Trontza Txapelketaren txanda helduko da. 7 bikote lehiatuko dira bertan, tartean 4 biko sakandar. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiete. Ondoko bikoak lehiatuko dira. Unai Aleman eta Xabier Mitxelena (Basaburua-Baztan), Antton Irigoien eta Iker Aleman (Basaburua-Baztan), Pablo Dorregarai eta Imanol Etulain (Basaburua-Baztan),  Mattin Petriati eta Ander Lakuntza (Andra Mari), Irati Igoa eta Axular Jaka (Andra Mari), Jon Aranburu eta Unai Irigoien (Iñigo Aritza) eta  Josu Elizalde eta Joanes Rekalde (Iñigo Aritza).

Ondoren herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egingo dute Andra Mari ikastolak, Araxesek, Basaburuak eta Artzanegik.

Sakandarrak Nafarroako Ingude Altxatzean eta Motozerra Txapelketan
Asteartean, 12:00etatik aurrera, Iruñean

Asteartean ingudeen txanda izango da. Nafarroako Gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa jokatuko da lehenik. 7 ingude jasotzailek hartuko dute parte txapelketan, bi sakandar, Iñaki Ibero eta Jon Irañeta irurtzundarrak, artean. Josetxo Urrutia (Leitza), Imanol Martin (Berriozar), Albaro Zugarrondo (Iruñea), Alejandro Fernandez (Iruña), eta Angel Albarran (Guadalajara) ingude jasotzaileekin batera aritu beharko dute. 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkiete, minutu eta erdiz.

Emakumezkoeen Ingude Altxatze Txapelketaren ondoren, III. San Fermin Motozerra Txapelketaren txanda iritsiko da. Alayn Salvador, Peio Kañamares, Juan Asin eta Mikel Lasartek motozerrarekin duten gaitasuna erakutsi beharko dute, 20 minutuko bi txandatan ariko baitira eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko baitute.

Ibero eta Irañeta txingetan eta Lasarte motozerrarekin
Ostegunean, 12:00etatik aurrera
Sanferminetako herri kirol programazioa Nafarroako Gizonezkoen Txinga Txapelketarekin despedituko da. Miguel Angel Sukuntza (Leitza), Albaro Zugarrondo (Iruñea), Alejandro Fernandez (Iruña), Iñaki Ibero (Irurtzun) eta Jon Irañeta (Irurtzun) txingalariek, esku banatan 50 kiloko txingekin, ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte. Plaza bakoitzak 28 metro izanen ditu.

Bukatzeko, motozerra erakustaldia eginen du Sakanako Harri Jasotze Eskolako zuzendaria den Mikel Lasarte izurdiagatarrak. Motozerrarekin egurrezko irudiak egingo ditu Lasartek.