Aritz Munarriz hirugarrena 2KV Collaradan

Guaixe 2016ko uzt. 20a, 09:53

Huescako kilometro bertikal bikoitzean aurreko urtean bederatzigarrena sailkatu zen etxarriarra eta aurten hirugarrena

Ikusgarria da Huescako Villanua herriak antolatzen duen 2KV Collarada kilometro bertikal bikoitza. Pirinioetako paraje zoragarrietan, Villanuatik Collarada igo eta jaitsi behar zuten korrikalariek (17 km) igandean. Egon zen ere soilik Collarada igotzeko aukera (8,5 km). Aipatzekoa da Collaradako igoeran 2.016 metroko desnibel positiboa dutela korrikalariek. Hortaz, atera kontuak.

2KV Collarada igo eta jaisteko 17 km-ko proba gogorrean 128 korrikalari lehiatu ziren eta 122k lortu zuten proba despeditzea. Los Arañones taldeko Raul Criado izan zen azkarrena (2:19:35). Sakana Bizirik taldeko Aritz Munarriz etxarriarrak lasterketa bikaina egin zuen eta podiumera igotzea lortu zuen, hirugarrena sartu baitzen (2:26:38). “Lasterketa ikusgarria da, oso gogorra, igandeko beroak oraindik ere gogorragoa egin zuena. Villanuatik Collaradara 2.000 metro positiboko desnibela, gero atzera ere berriz herrira jaitsi… banekien sufritzea tokatuko zitzaidala. Collaradara bosgarren postuan iritsi nintzen eta banekien beheraka agoantatu beharra nuela, aurrekoak gertu nituela. Azkenean laugarren eta hirugarren postuan zihoazen korrikalariak gainditu eta hirugarrena iritsi nintzen helmugara… eskerrak eman nahi dizkiet bertan egon ziren lagun guztiei. Izan ere, emozio ezberdinak bizi izan nituen asteburuan. Larunbatean Galizan izan nintzen Hodei bisitatzen eta igandean hirugarrena beste puntan, Huescako Collaradan! Berari, Hodeiri eskaini nahi diot hirugarren postu hau” adierazi du Munarrizek sare sozialetan. 2015eko edizioan bederatzigarrena sailkatu zen Munarriz.

Fiti 20.a
Munarrizen taldekide, herritar eta lagun Fidel Jimenez 20.a sailkatu zen (2:48:43) eta Jose Antonio Salgado altsasuarra 57.a (3:31:49).

Salgadoren bi etapak
Salgadoz ari garela, aurten 2KV Collarada probarekin batera beste bi lasterketa prestatu zituen antolakuntzak, hirurei Ultra Collarada izena emanez. Ostiralean lehen etapa jokatu zen, Güena Nuei (16,5 km) izenekoa. Ibai Alba izan zen azkarrena (1:17:04) eta Salgado 16.a (1:34:49). Larunbatean bigarren etapa jokatu zen, super traila (65 km). Salgado ez zen sailkatu. Eta igandean hirugarren etapa edo 2KV Collarada (17 km) jokatu zen, arestian aipatutakoa. Esan dugun moduan Salgado 57.a sailkatu zen. Hiru probak jokatuta, Iker Carrera izan zen Ultra Collaradaren irabazlea (14:02:53).

Mikel Rubio zazpigarrena Collarada igoeran
KV Collaradan ibilbide erdia edo soilik Villanuatik Collarada igotzeko aukera zegoen (8,5 km). Aukera hau baliatu zuen Mikel Rubio irurtzundarrak. Mikel Beunza izan zen irabazlea (1:31:21) eta Zabalarte klubeko Rubiok primerako lana egin zuen, zazpigarrena sailkatu baitzen (1:42:03).