Ricardo Lopez de Sabandori aitortza Olaztin

Guaixe 2016ko uzt. 25a, 11:09

Olaztiko Sutegi pilota taldeko kideak piztu zuen Olaztiko festetako suziria

Olaztiko Sutegi pilota taldeko Ricardo Lopez de Sabandok jaurti zuen Olaztiko festen hasierako suziria. Arbizuarra jaiotzez, Altsasura ezkondu zen Lopez de Sabando eta betidanik pilota sustatzeko lanetan ibili izan da. 16-17 urte eman ditu Olaztiko Sutegi klubean pilota sustatze lanetan, eta 68 urterekin, erretiroa hartu du. Urte luze hauetan Olaztin egindako lan bikaina eskertu nahi izan dio Olaztiko Udalak eta horregatik Ricardo Lopez de Sabandok jaurtiki zuen Olaztiko festak iragartzen zituen txupinazoa.

Pozik eta hunkituta
Arbizuarra kontentu eta hunkitua zegoen txupinazoa bota izanagatik, eta suziria piztu baino lehen, pertsona asko izan zituen gogoan. “Olaztin pilota sortu genuen lagun taldearen ordezkari moduan, gogoan izan nahi ditugu arrazoi ezberdinengatik hemen ez dauden olaztiar guztiak. Baita urte hauetan zendu diren olaztiarrak, nire oroimenean oraindik ere oso presente daudenak: Pepe, Jacin, Belen, Alberto Lacalle, Aitziber Zubelzu eta tarte honetan joan zaizkigun guztiak. Eskerrik asko Sutegiko jokalariei eta familiei, eskerrik asko Sutegi taldeari eta monitoreei, eskerrik asko San Migel elkarteko pilotarien lagun guztiei, Alberto Zubelzu, Oron, Fermin... baita ere bazkariak antolatzen dituztenei, sarrerak saltzen dituztenei eta beste kide guztiei. Eskerrik asko Mikel Agirre lagun handiari, eskerrik asko Migel Martinez de Goñi lagun bereziari… Olaztiarrak gora Olaztiko jaiak!” esanda Lopez de Sabandok suziria piztu eta horrela hasi ziren Olaztiko festak.

“Oso urduri jarri naiz, emozionaturik” azaldu zuen txupinazoa jaurti ondoren Lopez de Sabandok. Uneoro ondoan izan zuen bere lagun berezi Migel Martinez de Goñi. “Nire eskuin eskua, ezkerra… denetatik da” zioen arbizuarrak. Eta Olaztin pilotak bizirik jarraitzeko lan egiten duten pertsona guztiei bere esker ona azaldu zien Lopez de Sabandok. Orain arte irakasle izan da. Astelehenetik ostegunera aritu izan da neska-mutikoak pilotan trebatzen. “Mutiko txikiekin hasita, gero benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak… makina bat pilotari trebatu ditugu” azaldu du. Hemendik aurrera pilotari lotuta jarraituko du, baina beste modu batean. “Lagundu? Hori edozeini. Olaztiko eskolak segitzen badut nik jarraituko dut laguntzen, esaten didaten postuan eta tokian” dio arbizuarrak. Pilota nola ikusten duen galdetuta, ez dagoela bere unerik onenean gaineratzen du. “Ez dakit jendea aspertu egin den, pilotak ez dien betetzen… orain pilota eskolan bospasei urteko umeak ditugu jolasten, ea hasten diren umeak ateratzen. Eta irakasleak eta bilatzeko ere zaila dago, ez baitago jende asko prest halakotan ibiltzeko” dio.