Bernoako galtzada azalarazteko auzolandegi berria

Guaixe 2016ko abu. 9a, 08:47
Joan den urtean Bernoako galtzada agerian uzteko lanean aritu ziren.

14 gazte atzerritarrekin batera nahi duten sakandar guztiek parte hartu dezakete galtzada berreskuratzeko lanetan agorrilean.

Italiako, Errusiako, Frantziako hiruna gazte eta Alemaniako, Espainiako, Turkiako, Txekiako eta Mexikoko bana. 14 guztira; 17 eta 28 urte arteko 12 neska eta 2 mutil atzerritar ekarriko ditu De Amicita gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) Sakanara (joan den urtean hamar neska egon ziren). Haiekin batera begirale bat etorri da. Guztiak ere aitzurra eta erratza hartuta Bernoako galtzada agerian uzteko lanean ariko dira. Joan den urtean aurrenekoz aritu ziren Sakana erdialdea eta Gipuzkoa lotzen dituen harri-bidea berreskuratzen eta aurten lanek segida izanen dute. Udal bakoitzak dagoeneko zein zati azaleratu zehaztu du.
Sakandarrek ere boluntario gisa ere auzolandegi horretan parte hartzeko aukera izanen dute. Lau udaletatik parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. Bertako ondarea berreskuratzeaz aparte atzerriko gazteekin harremana izateko aukera baliatzeko gonbidapena egin dute. Auzolandegian parte hartu nahi duenak lau herrietako udaletxe batera joatea besterik ez du.

Lau herrietan
GKErekin etorritako gazteak lau herrietan txandaka ariko dira lanean. Agorrilaren 12an, ostiralez, iritsiko dira. Hurrengo egunean lan eginen duten gunea izanen dute. Bi egun jai izan ondoren, agorrilaren 16an eta 17an, asteartean eta asteazkenean, Iturmendiko zatian ariko dira lanean. 18an, ostegunean, Iturmendi eta Urdiain artean. Hurrengo bi egunetan, 19an eta 20an, Urdiainen lan egiteko txanda izanen da. Bi egunetako atsedenaldiaren ondoren, agorrilaren 22an eta 23an Etxarri Aranatzen azaleratuko dute galtzada. Azken bi lan egunak, 24 eta 25, Bakaikun emanen dituzte. Gazte taldea hilaren 26an despedituko da Sakanatik.


Bernoako galtzada  
Mandazainek erabiltzen zuten galtzada, Lizarraldearen eta kostaldearen (Donostia eta Pasaia) arteko joan-etorriak egiteko. Bakedanotik Santa Marinara eta handik Iturmendira doa (14 km). Aritzagatik basora sartu eta Sakana Ataunekin lotzen du (12 km). Etxarri Aranatz eta Bakaikuko beheko basotik doan adarrak Bernoako galtzadarekin Iturmendiko Aizkibel-Mandabita dermioan bat egiten du.

Iturmendiko basoan kontrabandoaren kontra aritzen ziren guardien txabolaren aztarnak ikus daitezke. Aduana ere bazegoen. Bakaikuko basoan galtzada zati batzuk ikusten dira, baina traktoreek hondatu dituzte. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egitearekin galtzadak garrantzia galdu zuen.

Jatorriari buruzko hipotesi batek dio bidea aurre-historiakoak direla, haien aldamenean trikuharriak eta bestelako monumentuak daudelako. Beste batek dio Sakana zeharkatzen zuen Bordele-Astorga erromatar galtzadako adar bat izan zitekeela. Ipar-hegoa trazatua duten galtzada horiek zaharberritu eta zabaldu egin zituzten Burundako eta Etxarri Aranazko mandazainek XVIII. mendean. Urdiaingo alminteak  agerian utzi zuen herria eta Ataun lotzen dituen galtzada 2014an. Urriztiko auntzetxetik abiatuta ibilbidea prest dago. Iturmendik 90eko hamarkadaren bigarren zatian garbitu eta seinaleztatuta zuen galtzada.

Joan den urteko lanen inguruko albisteen bilduma hemen.