Txep, txep, txep

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 08:54

Herriaren eta musika talderen baten arteko fideltasun harreman bat baino gehiago ikusten da urtetik urtera festen egitarauak irakurriz gero. Hori gertatzen da Arakil aldean Txep taldearekin. Festak non, Txep han. Edo kasik. Oskar Garziak (baxua eta ahotsa), Hektor Escuderok (gitarra eta ahotsa) eta Igor Escuderok (bateria) osatzen dute Txep taldea. “Ahoz ahokoak funtzionatzen du. Jendeak ezagutzen gaitu eta deitzen gaitu”. Arakil, Imotz, batzuetan Iruña, Uharte Iruña, Taxoare… plaza horietan jo izan dute.

Hirukoak beste taldeen bertsioak jotzen ditu eta “normalean jendea gustura egoten da”. Oholtza gainetik rock and rolla, euskal rock and rolla, heavya, makarrak, punkiak diren doinuak aletzen dituzte. Estiloetan errepertorio anitza dute eta emanaldietan estiloak nahasten dituzte. Eskaintzen duten musika estiloen nahasketa jendearen gustukoa dela pentsatzen dute.



Haien gustuko kantak dira jotzen dituztenak. “Abesteko kantak dira. Batzuetan emanaldia karaokea bihurtzen da. Herriko jendea gurekin abesti bat edo beste kantatzera edo jotzera animatzen dugu. Kolaborazioak izaten ditugu eta nahiko giro polita izaten da”. Herri gehienetan ezagunak dituztenez, “beti bakarren bat animatzen da”. Hala, “dibertigarriagoa” da. Esaterako, ostegunean, Irurtzungo Barazki gunen jo zuten eta han Teno, Wallace, Lucas, Mazi, Jorge, Javi, Aitor (Irañeta), Calvo eta jende gehiago izan zituzten ondoan. Larunbatean Txep Etxarrenen ariko da. Eta askotan taldea eta lagunak gisa iragarri dituzte. Etxarrenen, esaterako, Irurtzunen aritutako batzuk egon litezke. “Afaltzeko eta ateratzeko aitzakia bat dute. Horregatik, etortzen dira” gaineratu dute barrez.


Taldeaz
Duela 20 bat urte sortu zen Txep, hirukoak 16 urte zituela. Garai hartan Irurtzunen “sekulako musika kultura zegoen”. Orduan ikusi zituzten taldeak zerrendatzen hasi dira: Nahi ta nahiez, Sarraski, Indecisión, Doctor Cronismo… “Musika kulturak jarraitzen du, oraindik taldeak daude”. Musika giro harrekin “pikatu” ziren eta taldea sortzea erabaki zuten. Oskarrek eta Igorrek euren burua musikari “zaletu” gisa definitu dute, Hector “kontserbatorioko musikaria da”. Taldea sortzeko beste arrazoi bat aitortu digute: “orduko musikariek nahiko ligatzen zutela ikusten genuen eta gu horretan eskas genbiltzanez, saiatu beharra genuen”.

“Irurtzunen, txosnetan, pixka bat jo genuen. Baina gero 15 urtez utzi genuen”. Ikasketek eta lanak musikatik baztertu zituzten. Koadrilako baten ezkontza baterako berpiztu zen taldea. Ospakizunean hiru abesti jotzea erabaki zuten. 2011 zen. Eta ordutik, “festarik festa”, ez dira gelditu. Facebook-en mila lagun dituzte. “Kontzertuetan ez. Kontzertuetan 30 egonda, nahiko”. 670 959 875 (Oskar) telefonoaren bidez edo Facebook bidez jar daiteke haiekin harremanetan. Bitartean izenarena, “Coca Colaren formula bezala”, misterioa izaten segituko du.