Xota eta Koxka tabernaren arteko lagunarteko partida antolatu dute

Guaixe 2016ko abu. 25a, 08:16
Koxka tabernarendako ametsa izango da Xotaren kontra jokatzea

Agorrilaren 27an jokatuko da, larunbatean, Olaztiko kiroldegian, Mitxel Agirre omentzeko

Areto futbolzaleek puntako partidaz gozatzeko aukera izango dute. Areto futboleko lehen mailako ligan aritzen den Xota talde irurtzundarrak lagunarteko partida jokatuko du berriki Espainiako Areto Futbol Kluben Arteko ANFS Kopako txapeldunordea izan den Koxka Tabernaren kontra. Partida agorrilaren 27an jokatuko da Olaztiko Erburua kiroldegian, larunbatean, 19:00etan, eta Koxka Tabernako jokalari beteranoenetakoa eta egun zuzendaritzan dagoen Migel Agirre “Mitxel” olaztiarra omentzeko izango da, “areto futbolean izandako bere ibilbide luzeagatik eta areto futbola sustatzeko egindako lana eskertzeko. Guretako, gure bizitzako partidarik politena eta hunkigarriena izango da” adierazi du Koxka Tabernako kide Jose Ramon Ramirezek. Olaztiko Sutegi klubak eta Koxka tabernak antolatu dute partida hau.