Ruben Goñi: "Erasmus + sekulako aukera da gazte sakandarrendako"

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 13:12

Erasmus + proiektuaren barruan 28 gazte europear boluntario lanetan ariko dira Espainiar estatuan. Garilaren 28tik agorrilaren 2ra arte Altsasun daude

Erasmus + Europa mailako proiektua da. Bertan izena ematen dutenek boluntario joaten dira herrialde batera. Urte bateko epean, bertako hizkuntza ikasi, boluntario lanetan aritzen dira eta formazioa jasotzen dute. Programak mantenua ordaintzen die –aterpea, elikagaiak, ikastaroak eta formazioa…– eta euren gastuetarako 105 euro hilero. Bukatzerakoan Youth Pass ziurtagiria jasoko dute, urte bateko formazioaren berri ematen diena.

Programa honekin Espainiar Estatua aukeratu dute 28 gaztek, jatorri ezberdinetakoak: Hungria, Grezia, Suedia, Alemania, Georgia, Danimarka, Italia, Portugal, Frantzia, Eslovaquia, Holanda, Turkia… eta baita Indonesiako gazte bat ere. Espainiar estatuko probintzia ezberdinetan ariko dira, baina tarteka guztiak elkartuko dira, formazio jardunaldietarako. Horietako jardunaldi batetarako bildu dira Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpetxean.

Gazteei harrera egin diete Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuko zuzendari Ruben Goñik eta Nafarroako Institutuan Erasmus + programa kudeatzen duen Rosak. Biek nabarmendu dutenez, gazteendako "primerako" aukera da halako boluntario programan izena ematea. "Gurean Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuan kudeatzen dugu Erasmus + programa. Informazioa nahi duenak edo tarte batean programarekin bat egin eta Europako herrialderen batean boluntario lanetan aritu nahi dutenek jo dezatela guregana, lasai. Sekulako aukera da, gazteendako oso interesgarria, eta informazio eta erraztasun guztiak emango dizkiegu" azpimarratu dute Goñik eta Rosak.