Guaixe udako argazki onenaren bila

Guaixe 2016ko abu. 12a, 20:01

Udan oporrak, motzak edo luzeak, hartu eta bestelako erritmo batean bizitzeko aukera izaten dute askok. Sakandarrak ibarrean bertan gelditu edo mundua ezagutzeko aukera baliatzen dute. Eta egonaldi horien oroigarri bihurtzen dira batean eta bestean egindako argazkiak. Are gehiago oraingo telefono mugikor batzuk argazki kamera batzuk baino kalitate hobea eskaintzen dutenean.

Bigarren urtez Guaixek Sakanako Udako Argazki Lehiaketa antolatu du. Horretarako, www.guaixe.eus web orrian atal berezia sortu du eta han sakandarrek euren oporretako argazkiak igotzeko aukera izanen dute. Opor mota adina argazki izan daitezke, denetarikoak. Eta sakandarrek bidali ahala web orrian argazki galeria moduan ikusgai izanen da.