guaixe.eus

Martinez eta Beunza azkarrenak Dorraon

  Kirola  Dorrao  Ergoiena

XIII. Ergoienako Biran parte hartu zuten korrikalariek haize hotzari egin behar izan zioten aurre

Dorraoko frontoi aurrealdea izan zen larunbatean jokatutako XIII. Ergoienako Birako abiapuntu eta helmuga. Lehenik eta behin maila txikiko lasterketak jokatu ziren Dorraon, eta ondoren ekin zieten nagusiek Ergoienako hiru herrietan barna jokatu zen lasterketari (8,5 km). Fresko zegoen eta zeharraldeko haize hotz eta fina izan zuten bidaide korrikalariek.

Ergoienako Bira Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria da. Proba oso gorabeheratsua da Ergoienako Bira, erritmo aldaketa, aldapa eta bihurgunez betetakoa. Dorraoko frontoi paretik abiatuta, lehenik eta behin Unanura jo zuten korrikalariek, buelta hartu eta atzera ere Dorraora itzultzeko. Ordurako Dani Martinez iruindarra kokatu zen aurrean, Alberto Martinez lakuntzarra eta Raul Audikana atzetik zetozela. Emakumezkoetan Izaskun Beunzak hartu zien aurrea Ginesa Lopezi eta Maite Zabaletari. Ondoren, atzera ere Unanura jo zuten, aurrera egin eta Lizarragaraino heltzeko. Handik Dorraoko bidea hartu zuten, helmugaraino heltzeko.

Ziztu bizian ibili ziren korrikalariak. Lehen postua borrokatua izan zen, Dani Martinezek eta Alberto Martinezek lehia izan baitzuten. Baina azken txanpan Dani Martinezek abiadura bizkortu zuen eta Alberto Martinez lakuntzarrak ezin izan zion eutsi. Horrela, Dani Martinez iritsi zen lehena helmugara (32:16), lakuntzarrari 24 segundo aterata (32:40). Raul Audikana olaztiarrak osatu zuen podiuma (33:55). Emakumezkoetan hasierako joerari eutsi zioten korrikalariek eta Izaskun Beunza izan zen txapelduna (39:52). Olaztiarrak bi minutu pasa atera zizkion proban estreinatu zen Ginesa Lopezi (42:05), eta Maite Zabaleta etxarriarrak osatu zuen podiuma(44:22). Beteranoetan Santi Agirre iturmendiarra (41:03) eta Ginesa Lopez (42:05) izan ziren lehenak.

Korrikalari guztiek probaren gogortasuna nabarmendu zuten. “Udan lasai ibili ondoren hau da lehendabiziko proba eta gogorra egin zait” onartu zuen, helmugan, Izaskun Beunzak. Iritzi berberekoak ziren korrikalari gehienak.

Bukatzerakoan sari ematea egin zuten frontoian eta korrikarien artean Ergoienako produktuak zozketatu ziren. Horretaz gain, auzate ederra izan zen bildutako guztiendako.

Txikiak
Lehenik eta behin txikiak lehiatu ziren. 7 urtetik beherako lasterketan 7 korrikalariren artean Hodei Lizarraga gailendu zen, eta 8 urtetik gorakoetan 7 korrikalarien artean Andoni Razkin.


XIII. Ergoienako Birako sailkapena
Gizonezkoak
1.Dani Martinez (Iruña): 32:16
2.Alberto Martinez: 32:40
3.Raul Audikana: 33:55
4.Antton Zelaia: 34:17
5.Roberto Benito Ruiz de Muniain: 35:31
6.Adur Senar: 36:07
7.Iñaki Alvaro: 37:07
8.Kevin Davalos: 37:56
9.Javier Martinez: 38:10
10.Igor Artieda: 38:19
11.Jesus Urra: 38:32
12.Oscar Garcia de Andoin: 38:33
13.Beñat Larraga: 38:32
15.Santi Agirre: 41:03
16.Angel Barandalla: 41:42
18.Juan Pedro Aritz: 42:05
19.Patxi Arbizu: 44:22
21.Mikel Razkin: 45:16
22.Urko Resano: 45:16
24.Amets Artieda: 48:40
25.Luis Ihabar: 49:54
26.Jose Mari Merzero: 51:12
27.Jose Mari Elola: 52:35

Emakumeak
1.Izaskun Beunza (14.postua): 39:52
2.Ginesa Lopez (17. postua): 42:05
3.Maite Zabaleta (20. Postua): 44:22
4.Silvia Perez (23. Postua): 46:02

Txikiak
7 urtetik beherakoak:
1.Hodei Lizarraga
2.Oier Rubio
3.Adrian Otamendi

8 urtetik goikoak
1.Andoni Razkin
2.Mikel Martinez
3.Julen Martinez

 

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak