Fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako jarduera

Guaixe 2016ko ira. 22a, 11:07

Altsasun, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen antolatu dute, urritik ekainera, eta irailaren 30era baino lehen eman behar da izena

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, AFINA (Nafarroako Fibromialgia Elkartea) elkartearekin eta Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzungo Udalekin batera, minusbaliotasun fisikoa eta organikoa duten pertsonei euren osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa eskainiko die Altsasun, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen. Helburua fibromialgia, neke kronikoaren sindromea eta sentiberatasun kimiko anizkoitza duten pertsonei osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa eskaintzea da. 

Aipatu ikastaroa edo soinketa Altsasun (Labaderon), Etxarri Aranatzen (Kultura Etxean) eta Irurtzunen (Kultur Etxean) eskainiko da, urriaren 4tik ekainera, astelehenetan eta asteazkenetan. Altsasun eta Etxarri Aranatzen 16:00etatik 17:30era eta Irurtzunen 10:40etik 12:10era. 

Izena ematea irailaren 30era arte
Izena ematea zabalik dago irailaren 30era arte Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com). AFINAko bazkideek 11 euro ordaindu beharko dituzte hilean eta bazkide ez direnak 14 euro hilero.

Kirol egokitua
Urriaren 3tik maiatzaren 18ra bitartean burutuko da Mank-ek Askalatsen laguntzarekin antolatutako kirol egokitua. Zehazki, igeriketa eta soinketa eskolak dira eskainiko direnak, Arbizuko kiroldegian, astelehenetan eta ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara. Aitor Mozo Villanueva izanen da monitorea eta doaneko jarduera da. Izena ematea zabalik dago Mank-en (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).