Dementzia duten pertsonak zaintzen ikasteko

Guaixe 2016ko urr. 2a, 12:33
Joan den urtean mendekotasuna dutenen mugikortasuna nola landu azaldu zutenekoa.

Josefina Arregi klinikako profesionalek euren jakintza Etxarri Aranazko eta Altsasuko jubilatu elkarteetan azaltzen hasi dira.

Joan den urtean hasitako bideari segituz, Josefina Arregi klinikak bere jakintza partekatzeko zikloa antolatu du. Haren bidez dementzia gaitzak dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetu nahi dute. Horretarako, gaixo horiei zer nolako arreta eta zaintzak eman behar zaizkien azalduko dute zikloan. Zahartze osasuntsuan eta gaitz neurodegeneratiboen prebentzioan eta zaintzan interesa duten pertsonak gonbidatuta daude zikloko saioetan parte hartzera. Klinikak hura antolatzeko Etxarri Aranazko Gure Ametsa eta Altsasuko La Union jubilatu elkarteen laguntza izan du.

Zikloa astelehenean Altsasun hasi zen. Carmen Etxabarri mediku neurologoak Akats kognitiboak. Dementziaren prebentzioa eta tratamendua hitzaldia eskaini zuen. Asteartean, berriz, Itziar Iturrioz erizaina eta Eneka Lizarraga erizaintzako laguntzaileak mendekotasuna duten pertsonak nola mugitu; altxatzeko, lekualdatzeko eta mugitzeko aholkuak tailerra eskaini zuten. Oraindik beste bost saio ditu zikloak.

Egitaraua*
Lastailak 18, asteartea
Estimulazio jolasak (mahai jokoen moldaketa, bereziki kartena).
Tailerra: Laura Moreno (neuropsikologoa). Altsasun.

Lastailak 24, astelehena
Jokabidearen trastornoa duten dementziadun pertsonen erabilera; nola aurre egin urduritasun, oldarkortasun, aurkakotasun eta bestelako egoerei.
Hizlaria: Jose Joaquin Roldan (mediku psikiatra). Etxarri Aranatzen.

Azaroak 8, asteartea
Klinikaren eguneko zentroaren zerbitzua. Zer da? Jarduerak, tramitazioa, gizarte laguntzak.
Hizlaria: Josune Lopez de Goikoetxea (gizarte langilea). Etxarri Aranatzen.

Azaroak 22, asteartea
Dementzia aurreratua dagoenerako estimulazioa. Elikadura, mugitzea eta beste eguneroko jardunak nola lagundu.
Tailerra. Beatriz Villota (okupazio terapeuta). Altsasun.

Abenduak 13, asteartea
Dementzia duten pertsonen autonomia hobetzeko laguntza produktuak, etxeko egokitzapenak eta moldaketak.
Hizlaria: Raquel Guerrero (okupazio terapeuta). Altsasun.  

*Saio guztiak 18:00etan hasiko dira.