Euskal Herriko Erdigunea, independentisten bilgune etzi

Guaixe 2016ko urr. 7a, 14:02

Igandean, urriaren 9an, Euskal Herriko Erdigunera Martxa antolatu dute hiru puntutik abiatuta. Ondoren bazkaria izango da Irañetan. Izena ematea zabalik dago

Aurreko urtean bezala, Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera mendi martxa antolatu dute. Lurraldetasuna aldarrikatzeko helburua du ibilbideak eta lurraldetasunaren eguna izan nahi du.
Etzi izango da, igandean, urriaren 9an. Hiru zutabe aterako dira Beriain tontorretik hurbil, Olibesarioko saroian dagoen Euskal Herriko Erdigunerantz (1.232 m). Lehena Unanuko herriko plazatik abiatuko da, 8:15ean, bigarren zutabea Senosiaingo goialdeko askatik, 8:45ean, eta, azkena, Irañetako bordatik, 9:30ean. Behin Erdigunean bilduta, ekitaldia eginen da bertan, 11:30ean. Ondoren bazkari herrikoia hartuko du Irañetako bordak, 15:00etan (helduek 10 euro eta haurrek 5). Izena ematea zabalik dago www.independentistak.eus web gunean edo 943 561 853 telefonoan.