Ezkontza antolatu behar dutenendako ekitaldia igandean

Guaixe 2016ko urr. 21a, 10:44
Modeloa ezkogai hantziarekin.

Igandean, 11:00etatik aurrera, ezkontzetan lan egiten duten hainbat profesionalek prestatutako aurreneko erakusketa eginen da. Ezkontzetarako beharrezko guztia topatuko da han.

Sakanako ezkontzen erakusketa eginen da aurrenekoz igandean, urriaren 23an. Sektorean lan egiten duten hainbat profesionalen elkarlanetik sortu da ekitaldia. Euren egitekoa “sormen handiz” erakutsiko dutela iragarri dute. Ekitaldian ezkontzetarako beharrezkoa den guztia bildu dute. Hala, ezkontzekotan diren bikoteek eta euren lagunek ezkontzen arloko profesionalen lana toki bakar batean ikusteko aukera izanen dute.

Antolatzaileek esan dutenez, “gertuko profesional adeitsuak eta nortasunekoak, onenak,” ekitaldiaren bidez ezkontza jantziak, orrazkerak, makillajea, lore sorta, argazki erreportajea, ospakizuna jatetxean, une handiko prestaketa, hau da, ezkontzen inguruko guztia erakutsi nahi dute. Ahalegin horretan elkartu dira Aurkene Ormazabal diseinatzailea, Borda jatetxea, Lorea lore-denda, Arizcuren argazkilaria, Alvaro ile-apaintzailea eta Xalok estetika eta nutrizio zentroa. Asmo bat dute “erabateko konfiantzako adituek: bikoteen kezka bakarra euren egunaz gozatzea izan dadila”. Horretarako, euren eskarmentua eta azkeneko joerak uztartuko dituzte.

Erakusketan honakoak izanen dira: Lorea lore-dendak lore dekorazioan azken joerak erakutsiko ditu; Xalok zentroak nutrizioa, estetika eta osasunaz; Alvaro ile-apaintzaileak orrazkera sortzaileak; Arizcuren argazkilariak argazki-erreportajeak; Norte bitxi-dendak bitxigintza; Txikitxo dendak ezkongaiendako lentzeria; Altsasuko Lemik hotela; Tu dulce Txoko gozogintza originala eta sortzailea eta beste hainbat zerbitzu, ezkongaiek euren ezkontza Sakanan ospatu ahal izateko. Zozketak izanen direla iragarri dute. Ekitaldiansartzeko 3,5 euro ordaindu beharko dira.

Ekitaldia  
Aurkene Ormazabal Fashion Desingen emakume ezkongaien jantzien desfilea izanen da ekitaldiaren ardatza. Ziordiarrak bere azken bilduma aurkeztuko du, Loulou de la Falaisen oinarrituta sortu duena. 10 jantzi izanen dira, “euren ezkontza egunean norbera izaten segitu nahi duten ezkongai xume, hiritar eta eleganteendako”. Ekitaldian parte hartzen duten profesionalek prestatuko dituzte modeloak, Suakai soka taldearen doinura desfilatuko dutenak.

Ekitaldia Borda jatetxean eginen da, zeinek ezkontzetan eskarmentu handia duen. “Jantoki handia, harrera kokteletarako lorategia eta ezkongaiak aukeratutako menuarekin pozik gelditzeko aukera mugagabeak eskaintzen ditu Carlos Mañeru sukaldariak”. Ekitaldian estatuko koktail eta gin-toniken txapeldun den Carlos Rodriguezen koktel sortzaileekin gozatzeko aukera izanen da.


Egitaraua
11:00etan Harrera. Photocall. Erakusketa eta informazioa. Ongi Etorri aurreskua.
11:45ean Emaztegai jantzien desfilea.
12:30ean Produktuen zozketa eta koktela.
14:00etan Ekitaldi-itxiera.

www.expobodasakana.com
Ekitaldiari buruzko informazioa web orri horretan dago.