Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko kutxak

Guaixe 2016ko urr. 24a, 08:10

Errigora kanpainak, hirugarren urtez, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen loteak eskatzeko aukera eskaintzen du. Irabazien %25 Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari emanen zaio. Eskaerak astelehenetik azaroaren 8ra egin daitezke.

Nafarroa hegoaldeko ekoizleen uzta hango euskalgintza diruz laguntzeko. Sistema hori erabiltzen du Errigorak, eta bide batez, bertako produktuen kontsumoaren aldeko eta elikadura burujabetzaren inguruan sentsibilizazio egiten du. Aurten 50 eurotan salgai izanen diren bi koloretako kutxak prestatu dituzte. Kutxa beltzak eduki hau du: oliba-olio birjina, mahats zukua, potxak, melokotoi-mermelada, arbondolak, borraja ekologikoa, pikillo piper mamia, zainzuri estra lodiak, orburu-bihotzak, pikillo-piper osoak, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean eta ardo ekologikoa. Kutxa txuriak, berriz: txokolatezko gutiziak, pasta ekologikoa, arroza, polboroiak edo teilak, madaria almibarrean, eskalibada, pikillo saltsa, zainzuri estra lodiak, orburu-bihotzak, pikillo-piper osoak, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean eta ardo ekologikoa.

Joan den urtean sakandarrek 302 kutxa eskatu zituzten. Eskaerak egiteko bi modu daude. Batetik,  www.errigora.eus web orriaren bidez eta bestetik herrietan izena emanda. AEK euskaltegiak eta ikastolek ere kanpaina zabalduko dute, eta zenbait fabriketan ere izena emateko zerrendak jarriko dira.

Errigora
Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoalde du ardatz eta euskara ofiziala ez den eskualdean eragin nahi du, eremu horretarako propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Norabide horretan, egunetik egunera gero eta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza ekimenari, ilusioz eta anbizioz argi garen herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osatutako sari anitz batek. Gure txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.

Sakanako eskaera puntuak
Irurtzun Pikuxar euskal txokoan edo Iratxo elkartean
Ihabar Elkartean
Irañeta Elkartean
Uharte Arakil Mendikoa kafetegian edo Anaia tabernan
Arruazu Ostatuan
Lakuntza Eroskin, Bitori janari-dendan edo Tania arrandegian
Etxarri Aranatz Kaxeta liburu-dendan edo Portuko okindegian
Bakaiku Elkartean
Iturmendi Elkartean
Urdiain Mareo tabernan
Altsasu Portuko okindegian edo Biltoki tabernan
Olatzagutia Barandi tabernan
Ziordia Etxaleku tabernan

www.errigora.eus
Informazio gehiago web orrian.