Osasuna Promesas taldean hiru sakandar ditugu

Guaixe 2016ko urr. 31a, 14:53
Osasuna promesas.

Endika Irigoieni eta Endika Galarzari Aitor Lorea gehitu zaie

Hiru futbol jokalari sakandar ditu, egun, Osasuna taldearen filialak, 2. B mailan jokatzen duen Osasuna Promesas taldeak. Endika Irigoien urdiaindarrari eta Endika Galarza iturmendiarrari igandean taldearekin debutatu berri duen Aitor Lorea olaztiarra gehitu zaie.

Endika Galarza (1994, Iturmendi) eta Endika Irigoien (1997, Urdiain), atzelariak dira eta Aitor Lorea jubenilak (Olazti), aldiz, aurrelari moduan debutatu zuen igandean. Pontevedraren kontra jokatutako partidako 81. minutuan sartu zen, Julen Hualde ordezkatzera. Osasunako jubenil A mailakoa da Lorea.

Izan ere, igandean Pontevedra taldearen kontra aritu zen Osasuna Promesa. Juan Perez, Julen Hualde (Aitor Lorea, 81. m.), Endika Irigoien, Ivan Marquez, Steven, Imanol Garcia, Kike Barja, Imanol Arana, Nuha (Javi Martinez, 58. m.), Migel Diaz eta Jaime (Yoldi, 62. m.)izan zen Jose Manuel Mateo entrenatzaileak zelaira atera zuen Osasuna B-ko hamaikakoa. Gauzak ongi hasi ziren Osasunarendako, Kike Barjak talde gorritxoa aurreratu baitzuen. Pilotaren jabetza hartu zuten gorritxoek, baina galiziarrak gutxinaka partidan sartzen joan ziren. Horrela, Mouriñok berdintzea lortu zuen.

Bigarren zatian Pontevedra erasora atera zen baina Osasuna Promesasek ongi defendatu zuen. Baina partida bukatzeko 18 minuturen faltan, Pontevedrako Mateok bigarren gola sartu zuen, buruz. Osasuna Promesas saiatu zen baina ez zuen berdintzea lortzen. Bukaeran, Pontevedrako Alex Sanchezek hirugarren gola sartu zuen eta 3 eta 1 irabazi zion Pontevedrak Osasuna Promesasi.

Osasuna Promesas zazpigarrena da 2. B mailan eta asteazkenean Taxoaren jokatuko du, Ferroleko Racingen kontra.