Hauteskundeen inguruko aurrekronika: Pertsonaia mediatikoak

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2016ko aza. 11a, 08:15

kolaboratzaileak

Guztiek izan dugu lagun bat elkarrizketen erdian ezartzen dena. Haren diskurtsoa askotan hutsa izan daiteke, edo zentzugabea, baina lagun denak begi onez begiratuko dugu, bera delako. Gure irriek haren hizlari zaletasuna elikatuko dute eta gero eta hitz gogorragoak erabiliko ditu. Sakontasunik gabeko elkarrizketak ohitura bilakatuko dira gure artean, eta ez zaizkigu burura etorriko hitzek balioa zuteneko egunak.

Gutako batzuk bere ideiekin bat gatozela sentituko dugu, hitz gogorren atzean ideiarik ez daudelaren aierutik urrun. Gainerakoak, haren aurka ezarriko gara erabat, bere ideia hutsak baliogabetzeko bere hitzak errepikatzen ditugula ohartu gabe. Eztabaidak luzatuko direnean, beti izango da garaile, haren bortizkeriak mutu utziko gaituelako azkenean. Eta horrela izango da maiz gure gauen errege, solas motelen gatza.

Urteak aurrera joango dira,  eta baliteke gure laguna hedabideen lagun bihurtzea, kamara eta egunkarien protagonista. Kasu horretan, haren hitz hutsak gizartearen erraietan zabalduko dira, ezustean harrapatzen dituztenak ukitzen, hainbaten emozioetan pausatzen. Salmentak gora joan ahala, hedabideetako jabeek ahaztuko dituzte bere kezkak: gizonak ez du ezer esaten, baina audientzia bere alde dauka. “Beitu, ez ditugu pentsalaririk nahi, egunkariak saldu nahi ditugu. Publikoak hitz errezak behar ditu, entretenimendu indartsua, berri dibertigarriak... ez hausnarketa astunak”.

Horrela, gure gizonaren diskurtsoa gero eta hitz gogor eta pisutsuagoz josiko da: bortxaketa, nazioa, ongia, gaizkia, jangoikoa... Ez du koherentziarik izango, baina beldurrak zaindu eta haziko ditu; ez da pentsamenduaz oroituko, baina emozioak jarraitzera deituko gaitu.

Lagun artean gertatzen zen moduan, haren aurka kokatuko dira batzuk, baina hauek ere bere hitzen ohiartzuna bideratuko dute; erantzuteko saiakeran, haien ideia propioak ahaztuko dituzte. Beste denak, ezer esaten ez duelaren susmoa itzali, eta hitz gogorren atzean etorkizun posibleak marrazteari ekingo diote, bere ametsen pasaiak. Eta inork ez du jakingo nora doan gizon hau, nola aldatuko duen gure bizitza. Baina denek, guzti- guztiek, izango dugu bere izena ezpainetan, eta presentzia hori ulergarria irudituko zaigu, bidezkoa.

Hauteskunde garaia helduko da gero, eta haren eguneroko erasoek askoren gorroto eta maitasunak piztuko dituzte. Baina azken batean, herrialde guztiek dute elkarrizketaren erdian ezartzen den lagun bat. Eta hanka sartu dezake, baina aitzakiak asmatuko ditugu: ez dago zoroa, ausarta da; ez ditu gezurrak gustuko, gauzak argi esaten ditu. Eta horrela, egun batetik bestera, ustekabean, Weimarreko errepublika Hirugarren Reicha bihur daiteke, Donald Trump Estatu Batuetako lendakari izango da.

(Aurrekronika hau hauteskundeen atarian idatzita dago, argitaratuko denerako fikzioa izango delaren esperantzarekin).