Emozio hezkuntza, gurasoen ikasgaia

Guaixe 2016ko aza. 12a, 10:19

Irurtzungo eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Atakondoa eskolako guraso elkartearekin batera eta eskolaren laguntzarekin, amei eta aitei zuzendutako Guraso Eskola antolatu du. Joan zen astean hasi zen guraso eskola. Aurten emozio hezkuntza izanen da landuko duten gaia. Iosune Zabalak azaldu digunez, tailerraren bidez “seme-alaben heziketan sortzen diren kezka eta arazoei buruz hitz eginen da”. Saioetan psikologo eta familia terapeuta baten aholkuak entzuteko aukera izanen dela gaineratu du. Azkenik, “errespetua oinarri duen era batean hezteko modu bat aurkitzeko, eta familia osoaren emozioak entzuteko”.

Hirugarren urtea da Guraso Eskola martxan jarri dela. Zabalak gaztigatu duenez, “gurasoen inplikazioa oso handia da, joan den urtean bi talde sortu ziren Irurtzunen eta aurten ere guraso askok izena eman dute, iaz baino gehiago, 51 famili hartuko dute parte bi taldeetan”. Hilean behin elkartuko da talde bakoitza eta taldea bideratzeko psikologoa eta pedagogoa den Aser Sesmaren laguntza izanen dute.