MODA, ILEAPAINDEGIA ETA GASTRONOMIA ELKARREKIN

Ilazki Martiarena 2016ko aza. 18a, 09:48

kolaboratzaileak

Moda izan zuten inspirazio iturri ile-apaintzaileek eta sukaldariek beren diseinu berriak eta proposamenak erakusteko, urriaren 22an Baluarten ospatu zen Trending Chef ekitaldian.

2016ko Trending Chef edizioan 14 diseinatzailek hartu genuen parte, eta gutako bakoitzak bere estilismoa erakutsi zuen. Arropa diseinuetan inspiraturik, sukaldari ospetsuek plater bana sortu behar zuten eta jantzien diseinuarekin bat egin. Ile-apaintzaileek ere berdin egin behar zuten, ilearekin artea. Horren guztiaren emaitza bukaeran egin zen desfilean ikusi zen; bertako ikusleek, gainera, Antonio Garrido ile-apaintzailea aukeratu zuten irabazle eta sukaldari onena, berriz, Iñaki Andradas, Baserri jatetxeko sukaldaria. Azken hau, nire jantzien diseinuan inspiratu zen bonbilla itxurako platera sortzeko. Mikel Muruzabal argazkilariak, ongi gorde ditu bere argazkietan han sortu eta agertu zen guztia. Aipatzekoa da ekitaldi hori Deyavu Models agentziaren eskutik antolatu zela.

Aurtengo edizioa laugarrena izan da, eta niretzat bigarrena. Nik bertan arropa diseinatzaile bezala hartu dut parte. Gogoan dut hasieratik, ekitaldian partaide izateko aukera eskaini zidaten momentutik, ilusio eta ardura handiko desafioa izan zela niretzat, eguneroko errutinatik aparte gelditzen zen proiektu bat.

Diseinu esklusibo eta berezia sortu nuen desfile horretarako. Hainbat faktore hartu behar nituen kontuan. Esate baterako, originala izan behar zuen eta ez deigarriegia, izan ere, ile-apaintzailearen eta sukaldariaren lana nabarmendu behar ziren, batez ere; eta eroso janzteko moduko arropa behar zuen izan, ile-apaintzaileen lana hondatu ez zedin eta modeloek janari platera eramaterakoan besoak libre eduki zitzaten.

Goiko argazkian ikus daiteke aurkeztu nuen diseinua, detaile asko falta dira baina itxura bat hartzeko balio du. Erabili dudan materiala ez da ohikoa, ez da arrunta; adibidez, hor ikusten den oihal txuria, zapatak egiteko erabiltzen den oihala da, eta oihal horia, hamakak egiteko erabiltzen dena. Material honek eman dit nik nahi nituen formak eta bolumenak lortzeko modua.

Informazio gehiago jakin nahi duenak www.trendingchef.es atarian lortuko du.

PARTAIDEEN ZERRENDA
- Dolores Cortés, diseinatzailearekin batera, Alhambra jatetxea, eta Edurne Senosiáin ileapaindegia.
- Isabel Zapardiez, Otazu, eta Antonio Garrido batera joan ziren.
- Rosa Clara, San Fermin jatetxea, eta Jose Garcia.
- García Madrid, Mahel, eta Roberto hotel batera ibili ziren.
- Mikel Colas, Alma La Muga eta Gs ileapaintzailea.
- Juan BREA, Restaurant La Morea, eta Elkar batera joan ziren.
- Pau Esteve, Restaurant Beethoven eta Mikel Jaimerena.
- Xavi Reyes, Abel Alberto Mora eta Ramiro Mata.
- Cristina Pina, Marisol eta Cris M.C.
- Alicia Rueda, Antonio Arrabal eta Gonzalo Zarauza elkarrekin izan ziren.
- Rabaneda, Joanna Artieda eta Ziortza Zarauzak lagunduta.
- Jesus Lorenzo. Hiru Queens eta José Urrutia, hauek elkarrekin desfilatu zuten.
- Ilazki Martirena, Iñaki Zabala Andradas eta Lucia batera joan ginen.
- Txell Miras, Restaurant Boragos eta Marco p.m., hauek elkarrekin desfilatu zuten.