Jesus Senarrendako Kirol Merituaren Zilarrezko Domina

Guaixe 2016ko aza. 23a, 15:11
Jesus Senar, eskuinean, bere seme Mikelekin.

Nafarroako Gobernuak emandako oroigarria azaroaren 30ean jasoko du, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, Uxue Barkos presidentearen eskuetatik

Nafarroako Gobernuak Kirol Merituari 23 Zilarrezko Domina banatuko ditu azaroaren 30ean Nafarroako Jauregian burutuko duen ekitaldian, Uxue Barkos presidentea buru dela. Domina hauekin Nafarroan 25 urte baino gehiago kirola sustatzeko makina bat nafarrek egindako ahalegina saritu nahi da. Zilarrezko Domina jasoko dutenen artean dago Jesus Senar Aristorena. Unanuarra jaiotzez baina Altsasura ezkondua, Jesus Senar Aristorenak makina bat urte eman ditu Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan herri kirolak, pilota eta xakea sustatzen eta Altsasuko Pilotajauku klubean pilota sustatzen.

Jesus Senarrek Guaixerako Eñaut Agirrebengoak egindako elkarrizketan azaldu zuenez, 1990 urte inguruan hasi zen Andra Mariko haurrei herri kirol entrenamenduak eskaintzen. Geroztik ez du huts egin. Egun bere seme Mikelek hartu du bere tokia Andra Mari ikastolan, Jesusek gorputz hezkuntza irakasle plaza libre utzi baitu, jubilazioagatik. Jesus Senarrek onartzen duenez, oraindik ere gustura ibiltzen da ikastolako txikiak herri kiroletan trebatzen. “Herri kirolak gureak dira, bertakoak, eta nekez aurki daiteke herri kirolak baino kirol garbiago eta osasuntsuagorik” azaldu zuen Jesus Senarrek aipatu elkarrizketan. Zorionak bada, Nafarroako Gobernuak emango dion Kirol Merituaren Zilarrezko dominagatik.  

http://guaixe.eus/komunitatea/eagirrebengoa/1458198734321
Jesus Senarri eta bere seme Mikel Senarri Eñaut Agirrebengoak Guaixerako egindako elkarrizketa.