Denboraren denbora-pasak

Erabiltzailearen aurpegia Marian Mendiola Barandalla 2016ko aza. 25a, 08:56

kolaboratzaileak

Kuxkuxean aritu, lagunekin hitzorduak jarri, argazkiak igo edo denbora-pasa ibiltzea dira gizarte sareen erabilpen arruntenak (baten batzuek lan kontuetarako erabiltzen badute ere). Sare sozialetan denbora guztian dago zerbait ikusteko, irakurtzeko, eransteko, esateko, eta abar.  

Pasatako ordu guztiak, gehienetan, probetxugarriak ote? Baietz ezagutu ondoren kontatuko dudan egoeraren bat! Gozo-gozo zaude sofan etzanda, pelikula bat ikusten, irakurtzen, atsedena hartzen edo egonean, inongo lan-eginkizunik ez duzun egun horietako batean. Etxeko wiifia eta 3Gak martxan dira. Dar-dar bat entzun duzu,  ondo-ondoan duzun mugikorretik. Whatsappeko mezua da eta, axaleko gainbegiratu bat eman ondoren, egiten ari zinen horretara itzultzen zara.

Halako batean beste dardara bat entzuten duzu, oraingoan Instagramekoa da, eta bertan jarri dutena begiratzen duzu. Atsegin dut sakatu eta lehengoari ekiten diozu. Halako batean beste run-run bat, hau Facebook-etik dator eta jakin-nahikeria pizten zaizu. Azken aldian asko aipatzen ari den gai baten inguruan eztabaida piztu da eta letra batzuk idazteari ekiten diozu, letra gutxi batzuk, eta laburbiltzeko emotikonoa sartzen duzu, irribarrea ahoan duela (duzula).

Beste batzuek mezu horri erantzuten dioten bitartean, zu zain geratzen zara eta denbora-pasa moduan sartzen ari diren mezu-albisteak irakurtzen dituzu. Barra- barra datoz publikazioak. Lagun batek YouTubeko bideoa elkarbanatu zabaldu du eta klikatu egiten duzu.

Politta da, interesgarria. Whatsappinoa berriz hoska dabil, talde batekoa da eta hortxe dabiltza eztabaidan, marmarrean. Egiteko asmoa zenuena, dena delakoa, zain duzu, noiz ekingo diozun esperoan; liburua tolestuta, telebista pantaila izoztuta, begiak erne-erne. Halako batean, azken asteetako gatazka-saltsaren inguruko txioak entzuten dituzu eta Twitter kolapsaturi erreparatu behar diozu, ezinbestez.

Ufala!!! Aste guztia gustukoa duzun hori egiteko zain egon eta gero, alperrik, ez dago modurik. Konturatzerako pasa da arratsaldea eta liburuaren lehen orrialdetik ez duzu jauzi egin, pelikula etenda utzi duzu edota loak ere ez zaitu hartu.

Sare sozialetan ematen dugun denbora hori guk antolatzen dugu edo gu antolatzen gaitu? Off edo on, nahieran egiteko gai?