Alex, maite zaitugu

Iñaki Agirre ( Alexen etxekoen izenean) 2016ko aza. 25a, 09:13

kolaboratzaileak

2016ko urtarrilaren 31n, goizaldean, Alex hilik agertu zen Etxarritik Arbizura doan errepidean, kotxe batek harrapatuta. 10 hilabete iragan dira eta oraindik ez da argitu zehazki zer gertatu zen.

Horiek datu hotzak baizik ez dira. Guretzat, ordea, errealitate mingarria da, Alex gure artetik, egunerokotasunetik, desagertu izana.

7 urte zituela iritsi zen Alex Perutik Arbizura, eta alaitasun eta maitasun handia ekarri zizkigun etxera. 12 urtez, elkarrekin makina bat bizipen izandakoak gara. Gehienetan, irribarre eder hori aurpegian zintzilik. Nola ahaztuko dugu barre eder hori, ba??

10 hilabete pasa dira, ia urte bat, eta oraindik auto istripuari buruz ezer zehatzik ez dakigu.
Istripuaren eguna tristea eta gogorra izan zen Arbizuko herriarentzat eta Sakanako biztanleentzat. Eta, zer esanik ez, 10 hilabete luze hauek ere lagun eta etxekoentzat. San Juanak, urtebetetze eguna, Gazte Eguna… nabaria da gurekin ez dagoela. Nola igaro aurtengo Gabonak Alex gabe?

Etxekoek LAGUNTZA behar dugu. EGIA jakin nahi dugu. Horrek bakarrik lagunduko bailiguke hobeki ulertzen eta barneratzen ez dugula berriz ikusiko. Ez dugu nahi gau hartan gertatu zena argitu gabeko beste kasu bat bihurtzea, ez eta bazter batean betiko ahaztea. Horretarako,  LAGUNTZA ESKATZEN DUGU!

Urtarrilaren 31ko gau lainotsu eta ilun hartan, Etxarrin Alex ikusi zuen edonork (parrandan, dantzan, lagunekin, etxerako bidean..) edozein pista txiki, edozein detaile (garrantzizkoa izan edo ez) gurekin konpartitzea nahi genuke. Zuk pentsatu ez arren, agian, gau ilun hartan gertatu zena argitzeko giltza izan daitekeelako.

Argi utzi nahi dugu ez gabiltzala errudun baten bila, ez baitigu Alex inork itzuliko. Soilik egia jakin nahi dugu.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu, denbora luze honetan, modu ezberdinetan borondate on guztiarekin gurekin egon eta lagundu diguten pertsona guztiei.

Kontaktua: 609 786 751 // 661 802 686  ( lehengusuak)