Dakizun euskara hori praktikatzeko

Guaixe 2016ko abe. 1a, 08:24
Altsasuko mintzakide talde bat.

Euskara ikasten edo hitz egiteko “askatu” behar direnak eta bideratzaile bat elkartzen dira Mintzakide taldeetan, hitz egitera.

Euskara praktikatzeko hainbat zailtasun ditu euskaltegian dagoenak edo handik pasa eta euskaldundu denak: lotsa, segurtasun falta, zeinekin hitz egin ez izatea, ohituraz gaztelaniaz hitz egitea… Halakorik ez da gertatzen Mintzakide programako taldeetan. Izan ere, helburua euskara praktikatzea da. Astean ordu bat eskaintzen zaio, edo norberak nahi duen maiztasuna. Hizkuntza praktikatu daiteke kafea edanez, zinemara joanez, pasieran… Herrietan erabilera bultzatzeko modu eraginkorra da arnasguneak sortzen direlako eta eredua ematen delako.

Programan parte hartzea doakoa da. Sakanan, Mintzakide programa AEK-k kudeatzen du Mankomunitatearen diru-laguntzarekin. Eta euskara ikasi edo praktikatu nahi duen edonori zuzendua dago. Martxan dauden talderen batean parte hartu daiteke eta beste herriren batean talde  berri bat sortzeko nahia dutenek hots egin dezatela 600 482 024 telefonora, idatz dezatela sakana_mintza@aek.eus e-postara edo pasa daitezela AEKren Itsasi euskaltegitik.

Martxan dauden taldeak

Irurtzun

Astelehenetan, 9:30ean Pikuxarren

Astelehenetan 18:00etan Iratxo elkartean 

Ostiraletan, 17:15ean Pikuxarren 


Urdiain

Asteazkenetan, 19:00etan


Altsasu

Ostegunetan, 16:00etan, Koxkan 

Ostiraletan, 9:00etan Kaixon 

Ostiraletan, 9:00etan Kaixon (taldearen bikoizketa)



Ziordia
Asteartetan, 16:00etan, liburutegian