Hauek dira Sakanako kirolaririk onenak

Guaixe 2016ko abe. 9a, 11:19
Etxeberria eta Lasari 18 urte baino gutxiagoko kirolari onenaren saria emango zaie, bi pertsonei lehenengoz, biak parez pare aritu direlako eta kiroltasuna sustatzeko.

Ailetz Lasa Lizarraga eta Josu Etxeberria, Anne Lapuente, Javier Zeberio, Izaskun Beunza, Jose Mari Merzero eta Arantzazu Larrañaga dira 2015-2016ko kirolari onenak, emakumeen Altsasu futbol taldea da talde onena, Iratxo da euskara gehien bulkatu duen taldea eta Manuel Morcillo eta Ramon Arratibel aipamen bereziak. Sari ematea abenduaren 9an izanen da, ostiralarekin, Ziordiko udaletxean.

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak bi urtetik behin saritzen ditu eskualdeko kirolariak eta kirol taldeak. Horrela, aurten 2015eko eta 2016ko Sakanako kirolari onenak aukeratu ditu. Aukeraketa prozesuan sakandarrek bidalitako proposamenak aztertu ditu kirol teknikari, kazetari eta kirolarekin lotutako teknikariez osatutako epaimahaiak. Erabakia hartzea kosta egin zen, Sakanan kirolari bikainak ditugulako, baina epaimahaiak azkenean hartu zuen erabakia eta 2015eko eta 2016ko kirolari onenak, talde onena eta euskara gehien bulkatu duen taldea izendatu zituen eta bi aipamen berezi egin zituen. Aurten, lehenengoz, sari bat partekatua izanen da. Izan ere, 18 urtez azpiko gizonezko kirolari onena aukeratzerakoan, Ailetz Lasa eta Josu Etxeberria txirrindulariak parez pare ibili direla hartu da kontuan, eta, azkenean, biak izendatzea erabaki da, bide batez, kiroltasuna sustatuz.

Sakanako kirolari onenen sari ematea abenduaren 9an izanen da, ostiralarekin, Ziordiko udaletxean, 20:00etan. Ondoren, auzatea izango da Ziordiko Errekakartea elkartean.


Sakanako kirolaririk onenak
-18 urte baino gutxiagoko gizona: Ailetz Lasa Lizarraga eta Josu Etxeberria Azpilikueta
Ziordiko kirol batzordeak eta Guaixek proposatuak.
Lasaren merituak: Burunda klubekoa, 1.goa Euskal Herriko Gaztetxoak Torneoan, Arabako Erlojupeko Banakako Txapelketan eta Burundakoekin txapelduna Nafarroako Taldekako Erlojupekoan, Tafallan. Amarozko XIX. Sariko txapelduna. Nafarroako Erlojupeko txapeldunordea, Iturmendin. 16 urte, Ziordia.
Etxeberriaren merituak: Aralar klubekoa, Nafarroako Erlojupeko txapelduna Iturmendin jokatutako txapelketan, Nafarroako Kirol Jokoetan kadete mailako txapelduna, Arabako Itzuliko txapelduna eta Izarren Trofeoko txapelduna. Artaxoako Hiria Trofeoko garailea, 16 urte, Iturmendi.
Bi txirrindulariak parez pare ibili dira eta primerako denboraldia egin dute; Nafarroako selekzioarekin aritu dira biak. Horregatik, kiroltasunagatik, saria biei ematea erabaki da.

-18 urte baino gutxiagoko emakumea: Anne Lapuente Perez
Ziordiko kirol batzordeak proposatua.
Merituak: Nafarroako Irristaketa Jokoetan zilarra, 1.500m lerroan eta 500m sprintean.
Brontzea Espainiako 300 metroko esprintean eta Nafarroan txapelduna. 13 urte, Ziordia.

-18-35 urte bitarteko gizona: Javier Zeberio Arraras
Bakaikuko Udalak eta Esther Erdoziak proposatua.
Merituak: Lehenengo sakandarra izan da zortzimilako bat igotzen. Cho Oyu igo du (8.201 m), oxigenorik eta sherparik gabe. 33 urte, Bakaiku.

-18-35 urte bitarteko emakumea: Izaskun Beunza Azazeta
Sakanako Mankomunitateak proposatua.
Merituak: Ziordiko herri lasterketako, Ergoienako Birako eta Sakanako Herri Lasterketako txapelduna. Txapelduna Etxarriko Mendira Joan Etorrian, bigarrena Olatzagutia-Urbasan eta lehena Lakuntza-Aralar lasterketako ibilbide laburrean. 2015eko Altsasuko San Silbestreko txapelduna, 2015ean 5.a Nafarroako Kross Luzean eta 10.a Nafarroako Kross Laburrean. 31 urte, Olazti.

-35 urte baino gehiagoko gizona: Jose Mari Merzero Lizarraga
Ergoienako Udalak proposatua.
Merituak: Urrezko domina 2016ko Espainiako Beteranoen 10 km-ko Ruta Txapelketan, 75 urtetik gorako mailan eta urrezko domina 2015eko Espainiako Beterano Txapelketako 75 urtetik gorako 10 kilometrotan. Azken urteetan zilarrezko eta brontzezko domina ugari jaso ditu beteranoen mailan. Ibilbide luzea darama atletismoan. Munduan barna jokatutako 9 maratoitan parte hartu izan du eta 77 urterekin inguruko lasterketa guztietan parte hartzen du. 77 urte, Unanu.

-35 urte baino gehiagoko emakumea: Arantzazu Larrañaga Urien
Sakanako Mankomunitateak proposatua.
Merituak. Mendi lasterketetan eta ultra trailetan ibilbide bikaina. Valle de Tena Trailean (78 km) bigarrena, XX. Hiru Haundietan, Euskal Herriko Mendi Erronkan (67 km) eta Gipuzkoako 2 Haundietan (88 km) lan bikaina. Ehunmilak (168 km) ere egina du. 35 urte, Uharte Arakil.

-Sakanako kirol talderik hoberena: Emakumeen Altsasu futbol taldea
Sakanako Mankomunitateak proposatua.
Merituak: Ahalegin handia egin eta ederki kostata, Sakanako emakumeen taldea sortzea lortu zuen Sociedad Deportiva Alsasuak 2015-2016 denboraldian. Futbol 8ko ligan txapeldunen fasera iritsi ziren. Egun, 2016-2017 denboraldian emakumezkoen bi talde ditu Altsasuk, erregional mailakoa eta Futbol 8koa.

-Euskara gehien bulkatu duen kirol taldea: Iratxo taldea
Irurtzungo Udalak proposatua.
Merituak: 27 urte daramatzate Sakanako Ibilaldi Handia antolatzen, Sakanako Mendizaleen parte dira eta urte osoko egutegia dute. Bestalde, botxa txapelketak ere antolatzen dituzte. Eta beti euskarari lehentasuna emanez.

-Aipamen berezia: Manuel Morcillo Larraza
Francisco Javier Morcillok proposatua.
Merituak: Boxeolaria. Estatuko txapelduna 1966 eta 1967an. Paris, Roma, Atenas eta Tunezko Mediterraneoko jokoetan hartu zuen parte. Mexikoko Olinpiadetan ezin izan zuen aritu profesionala egin zelako. Altsasuarra.

-Aipamen berezia: Ramon Arratibel Lakuntza
Etxarri Aranazko Udalak proposatua.
Merituak: Mendizaletasuna gazte belaunaldi guztiei transmititzen jakiteagatik. Urte luzez mendiarekiko duen pasioagatik, batez ere euskal mendiekikoa. Bere ibilbide luzeagatik. Lizarragabengoakoa.