Jesus Senarrek jaso du Kirol Merituaren Zilarrezko Domina

Guaixe 2016ko abe. 1a, 11:16

Asteazkenean burutu zen ekitaldia, Nafarroako Jauregian, Uxue Barkos presidentea buru zela

Nafarroako Gobernuak asteazkenean banatu zituen Nafarroaren Egunaren inguruan urtero banatzen dituen Kirol Merituari Zilarrezko Dominak. Domina hauekin 25 urte baino gehiagotan makina bat nafarrek Nafarroan kirola sustatzeko egindako ahalegina saritu nahi da. Aurten 23 domina banatu ziren eta horietako bat Jesus Senar Aristorenak jaso zuen. Unanuarra jaiotzez baina Altsasura ezkondua, Jesus Senar Aristorenak makina bat urte eman ditu Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan herri kirolak, pilota eta xakea sustatzen eta Altsasuko Pilotajauku klubean pilota sustatzen.

Dominak banatzeko ekitaldian Uxue Barkos presidentea, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi izan ziren, sarituekin eta euren senitartekoekin batera.

Barkosen eskertza
Uxue Barkosek zorionik beroenak eman zizkien saritutakoei, eta nabarmendu zuen “euren lanak gizarte hobeagoa sortzen duela, batuago bat, gaur egun oso zaila dena”. “Kontziente gara ordu asko sartu dituzuela, modu desinteresatuan, Nafarroan ditugun kirol proiektu ezberdinak aurrera ateratzeko. Kasu gehienetan, gainera, afizionatuen mailako kirolaz ari gara, profesional mundutik aldenduta dagoena, gizarte parte-hartzea eta trebatze baloreak sustatzen dituena. Zuek egiten duzuen lanak Nafarroan kirolak duen maila bikaina garatzen eta ziurtatzen laguntzen du” nabarmendu zuen Barkosek. Presidenteak gaineratu zuenez, “zuen dedikazioa ezin da domina edo ohorezko aipamen batekin ordaindu, preziorik ez duelako. Baina errekonozimendu honekin gure kirola sustatzeko egiten duzuen esfortzua saritu nahi dugu”. Barkosek nabarmendu zuen Nafarroan makina bat kirol eta diziplina ezberdin gauzatzen direla eta Nafarroako Kirol eta Institutuan guztiak bulkatzen saiatzen direla. “Bertako kirolak sustatzen saiatzen ari gara eta baita emakumezkoen kirola bulkatzen”.