Sakana institutua ikasketa-zerbitzu sariketan finalista

Guaixe 2016ko abe. 2a, 11:21
Sakana LH institutukoak Cabanillasko eskolakoekin, Xixonen ordezkari nafarrak izan ziren.

Ikastearekin batera komunitateari zerbitzua eskaintzea, horixe da ikasketa-zerbitzua. Estatuko ikasketa-zerbitzu bederatzigarren topaketen barruan sei hezkuntza proiekturi sariak eman zizkioten, Xixonen, azaroaren 18an eta 19an. Hainbat mailatan 171 proiektu aurkeztu ziren lehiaketara eta Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuarena finalisten artean sailkatu zen, 17. postuan.

Maiatzaren 19an LHko ikasleek Iturmendiko Arrano Beltza eskolan bizikletak aparkatzeko gailua jarri zuten. Horretarako, eskolako txikien marrazkietan oinarritu ziren. Proiektu hori izan da finalera iritsi dena. “Baina guk duguna askoz ere zabalagoa da. Josefina Arregi klinikak behar duen guztian laguntzen dute gure ikasleek: matxuratutako oheak konpondu, soldadura puntuak eman… Beraz, heldu den urtean aurrerago geldi gaitezke”. Arantza Bengoetxea irakaslearen azalpenak dira. Bera eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile Berta De Pablo Xixonen izan ziren. Biak ere “pozik” bueltatu ziren Xixondik, “guretako eta ikasleendako oso aberasgarria izan da”.

Segida
LHko soldadurako 2. mailako ikasleak joan den urtean Altsasuko ikastetxe guztiengana zuzendu ziren. Hiri-altzariren baten premia izanez gero ikasturte berrian elkarlanean egiteko aukera eskaini zieten. Horrela, haien soldadura praktikak komunitatearen zerbitzurako onuragarria dira. Hainbat proposamen jaso zituzten. “Baina ikasturte honetan soldadurako 2. mailan hiru ikasle besterik ez daude. Lan asko eta langile gutxi”, argitu digu Bengoetxeak. Horregatik, proiektu bakarrari heldu diote, Zelandi eskola publikoan lorategi bertikala egitea. Horretan ari dira dagoeneko.

Ikasketa eskaintzak
Gradu ertaina
Soldadura eta galdaragintza
Mantentze elektromekanikoa.
Mendi ertaineko gida (bi mailak)
Mendi ertaineko eskalada (2. maila)

Goi gradua
Industria-mekatronika