Olaztik hartuko du 2016ko Sakanako Herri Kirol Jardunaldia

Guaixe 2016ko abe. 8a, 12:23

Abenduaren 11n, igandearekin, 12:00etan, Olaztiko pilotalekuan

Urtea behar bezala despeditzeko Sakanako Herri Kirol Jardunaldian bilduko dira herri kiroletan dabiltzan sakandarrak. Olaztiko frontoian ospatuko da herri kirolarien festa, abenduaren 11n, igandearekin, 12:00etan. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du ekitaldia, Sakanako herri kirolarien eta Olaztiko Udalaren laguntzarekin.

Bertan Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariek eta Sakanako Harri Jasotze eskolako harri jasotzaileek eskoletan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute. Aipatu eskoletako kirolariez gain, Sakanako aizkolariek, Sakanako trontzalariek eta Sakanako tiralariek hartuko dute parte.

“Urteari bukaera emateko ekitaldi polita da hau. Sakanako herri kirolariak bildu, erakustaldia egin eta ondoren mahaiaren inguruan esertzen dira eguna borobiltzeko. Egun oso berezia da” adierazi du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Aurreko urtean Etxarrenek hartu zuen jardunaldia eta 40 kirolari inguru aritu ziren erakustaldian. Aurten Olaztin izanen da gure herri kirolarien topaleku.

Sakanako Herri Kirol Jardunaldiko egitaraua (Abenduaren 11n, 12:00etan, Olaztiko pilotalekuan)
Aizkora:
-Erakustaldia: Josu Agirre, Mikel Agirre, David Amillano, Hodei Mazkiaran, Joan Flores, Abel Uria, Julen Paniagua eta Iker Gorriti.
-Goizeder Beltza – Juanjo Erdozia.
-Hiru belaunaldi elkarlanean: Juanito, Juanjo eta Jon Erdozia.
-Gaztetxoak: Josu Jaka-Oihan Mariñelarena / Jon Erdozia-Aritz Oiarbide.

Sokatira:
Andra Mari eta Iñigo Aritzako tiralariak.

Harri jasotzea:
Albaro Zugarrondo, Jon Irañeta eta Iñaki Ibero.
Albarok marka pertsonala egin nahi du 125 kiloko harri kubikoarekin 5 minutuko txandan.

Trontza:
Andra Mari ikastolako bi bikote eta Iñigo Aritza ikastolako bikote bat.

Taila:
Bukaeran Mikel Lasartek motozerrarekin egurra tailatuko du.