Ikustekoak!

Guaixe 2016ko abe. 16a, 08:49

Sakanako belenzaleen elkartearen jaiotzen erakusketa ilbeltzaren 8ra arte, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etarara eta, domeketan eta jai-egunetan, 13:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:30era Olatzagutiko belenzaleen egoitzan.

Igandean zabaldu zituen ateak 15. urtez Sakanako belenzaleen elkartearen jaiotzen erakusketa. Apirilaren 11n hasi ziren laban zorrotza eta eztainua urtzeko gailua eskutan hartzen Felipe Orabengoa, Jesus Mari Garmendia, Katy Mayor, Luis Borrega, Javier Beunza, Emeterio Galan, Patxi Agirre, Pako Sanz eta Victor Rodriguez. Ondoren, pintura, lurra, kola edota goroldioaren txanda izan zen. Guztia porespana pazientzia handiarekin lantzeko. Ereduak errealitatetik hartzen dituzte. Hala, aurten, jaiotza batean Kantabriako Ason eta Barcena la Mayor herrietako etxeak daude ikusgai.

Orain euren lanak erakusten badituzte ere, haiek egiteko etengabeko prestakuntzan ari dira.  Esaterako, Antonio Pigozzi maisu italiarrarekin ikasten aritu ziren Zaragozan otsailean. Harekin mendiak porespanarekin eta eskaiolarekin nola egin ikasi zuten eta ikasitakoa aurtengo jaiotzetakoren batean ikusgai dago. Dozena bat daude ikusgai, haietatik bost dira aurten eginak. Beste baten berezitasuna da kortxoz egina dagoela. Euren begirada adituak baten eta bestearen lan moldeak bereizten ditu. Bisitaria, ordea, lehen begiradan ezin da jaiotza bakoitzean dagoen guztia ikusi, detaile ugari baitituzte.

Elkartea
40 bat kide ditu gaur egun eta nahi duen guztiak du kide egiteko aukera. Baita jaiotzak egitekoa ere.  Langintza horretan Aguraingo jubilatu elkarteari lagunduko diote otsaila erdialdean. Internetek gaur egun harremanak egiteko bideak erraztu ditu eta horri esker bateko eta besteko belenzaleen elkarteekin harremana dute sakandarrek. Hori dela eta, larunbatean Sevillara joanen dira hango jaiotzak ikusi eta handik ikastera. Olatzagutitik ere sakandarrez aparte urrutiko bisitariak ere etorriko dira aurten.

Bestalde, Sakanako belenzaleen elkarteak egindako jaiotza bat Beasainen dago ikusgai eta baliteke beste bat Josefina Arregi klinikan bukatzea. Elkartea laguntzen duen Olaztiko jubilatu elkartearendako propio jaiotza bat sortu dute. Udalaren laguntza jasotzen dute.

Zozketa
Erakusketara joaten direnek jaiotza baten zozketarako txartelak erosteko aukera izanen dute. Haren bidez elkartea finantzatu egiten da.

Dioramak
Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.