Lehen puntua Ezkurdiarendako eta Merinorendako

Guaixe 2016ko abe. 19a, 09:33
Ezkurdiak eta Merinok lehen puntua lortu zuten.

18 eta 22 irabazi zieten Bengoetxeari eta Larunberi. Ostiralean Binakako partida bat Irurtzunen jokatuko da

Binakako Txapelketako 3. jardunaldian mustu dute markagailua Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta David Merinok. Larunbatean Labriten Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe izan zituzten arerio. Partida oso gogor eta gorabeheratsuan ederki sufritu eta gero, azkenean 18 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Merino II.ak. Nabarmentzekoa da Larunbek nabarmen behera egin zuela 18-17kotik aurrera, eta, azken bost tantoetatik lau galdu zituela. 18-17 aurreratuak egotetik, 18 eta 22 galtzera pasa ziren Asegarcekoek. Guztira 13 pilota galdu zituen Galdakaoko atzelariak eta hori izan zen partidako gakoetako bat. Bestalde, Ezkurdia eta Merino indartsu hasi ziren, eta ikusgarriak izan ziren arbizuarraren boleak eta honek pilotari eman zion bizitasuna eta azkartasuna.


Binakakoa Irurtzunera: Zabaleta etxean ariko da
Asteburuan Binakako 4. jardunaldia jokatuko da. Gabonetako ospakizunak tartean direnez, jardunaldia ostegunean hasiko da. Arrasaten, lehen puntua lortzeak ematen duen lasaitasunarekin ariko dira Ezkurdia eta Merino II.a, egoera berberean, puntu bakarrarekin dauden Urrutikoetxearen eta Beroizen edo Imazen kontra. Izan ere, azken partidak Imazek Beroiz ordezkatu zuen, eta ez dakigu berriro izango den hala ez.

Bestetik, Binakakoa Irurtzunera iritsiko da ostiralean. Zabaleta Etxarrengoa da, baina ikasketa guztiak Irurtzunen egin ditu eta Irurtzungo pilota klubekoa izan da beti. Hortaz, ostiralean Zabaletak etxean jokatuko duela esan genezake. Elezkano II.arekin bikotea osatuta, Mendizabal III.a eta Barriola izango dituzte aurkari. Bi bikoteek puntu bakarra dute eta Irurtzunen jokoan dagoena urrezkoa izango da biendako. Jaialdia gaueko hamarretan hasiko da eta ETB1-ek eskainiko du zuzenean. Material aukeraketa asteazkenean izango da, Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan, 15:00etan.

Binakako Txapelketa. 3. jardunaldiko emaitzak
Elezkano Zabaleta 10 / Artola-Albisu 11 (bertan behera)
Irribarria-Rezusta 22 /  Mendizabal III.a-Tolosa 17
Oinatz-Larunbe 18 / Ezkurdia-Merino 22
Aimar-Untoria 18 / Urritikoetxea-Imaz 22

Binakako Txapelketa. Sailkapena
Irribarria-Rezusta: 3 puntu
Olaizola II.a-Untoria: 2 puntu
Artola-Albisu: 2 puntu
Elezkano II.a-Zabaleta: puntu 1
Bengoetxea VI.a-Larunbe: puntu 1
Mendizabal III.a-Barriola: puntu 1
Ezkurdia-Merino II.a: puntu 1
Urrutikoetxea-Beroiz: puntu 1

Binakako Txapelketa. 4. jardunaldia:
Urrutikoetxea-Beroiz / Ezkurdia-Merino II.a (ostegunean, 18:00etan, Arrasaten)
Elezkano-Zabaleta / Mendizabal III.a-Barriola (ostiralean, 22:00etan, Irurtzunen. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Victor-Albisu (larunbatean, 17:00etan, Tolosan)
Irribarria-Rezusta / Olaizola-Untoria (igandean, 17:00etan, Eibarren).