Enrike Zelaia Vianako Printzea Sarirako hautagai proposatzeko sinadura bilketa hasi dute

Guaixe 2016ko abe. 19a, 11:53
Enrike Zelaia akordeoilaria.

Haize Berriak bandak sustatu du sinadura bilketa. Sakanako musika bandak akordeoilari altsasuarra 2017ko Viana Printzea Sarirako hautagai izatea nahi du, “bere praktika ereduak eta bere obra emankorrak gure lurraren historian merezitako tokia izan dezaten”. Enrike Zelaiak bere musikari ibilbidean jasotako sariez aparte instrumentista, moldatzaile, konpositore, folklorista, ikerle eta historialari gisa egindako lanak nabarmendu ditu. “Hori guztia hainbat sentsibilitate dinamizatuz eta batuz, herritarrak bere nortasunaren erroez jabetuz eta parte hartuz. Horretarako, kultura inmaterialeko ondarearen mantentzea, aberastea eta zabalkunderako komunikazio estrategia berritzaileak erabili ditu”.

Sakanako musika bandatik azaldu dutenez, “Zelaiaren ekarpenak Nafarroan euskal kulturaren batasunaz eta kultura-ohitura propioen berreskurapenean herritarren parte hartzearen garrantziaz kontzientziatu nahi du. Horretarako bi jardun garatu ditu: identitatearena eta musika. Identitate arloan Altsasun “hainbat kultura jardueretan estrategia komunitario parte-hartzaile eta berritzaile eredugarriak ezarri ditu. Ziurrenik euren inauteriak, folklorea, herri kantagintza, mitologia eta bestelako “kultura-ohituren sustapenean, sentsibilizazioan eta berreskurapeneran interesa duten beste herrietan aplikatu daitezkeenak”.  Zelaiaren musika jardunari dagokionez, haren Zazpiak bat bilduma nabarmentzearekin batera, “mende erdian baino gehiagoan herri akordiolaritzan aurrekaririk gabeko errepertorioa sortu, sustatu eta zabaldu du. Hartaz egungo eta etorkizuneko musikologoak baliatu ahalko dira”.

Bilketa
Jasotako sinadurak Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari emanen dizkio Haize Berriak bandak. Sinadurak www.change.org plataformaren bitartez egiten ari dira.