Gaur mustuko da zinematan bi sakandarrek parte hartu duten animazio filma

Guaixe 2016ko abe. 23a, 14:26

Jose Mari Morcillok eta Urko Mauduitek Pixi Post eta opari-emaileak filmean lan egin dute.

Eguberri giroko euskal animazio film bat mustuko da zinematan gaur: Pixi Post eta opari-emaileak. 4 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako da, haiek baitira eguberrien mundu magiko horretan sinisten dutenak. Munduan barna urtero opariak banatzen dituzten Olentzero, Errege Magoak, Bizarzuri, Befana, Ded Moroz, Snegurotxka eta beste hainbat jeinu agertzen dira filmean, elkarlanean. Hainbat kultura elkarbizitzan eta bata besteari laguntza ematen ikusiko dira filmean, modu koloretsu eta irudimentsuan. Azken batean dibertsitateari kantu bat baita.

Animazio filmeko protagonista Pixi Post da, neska elfo bat. Duela mende asko, Eguberrietako Jeinuen Biltzarrak Monopolish izeneko jeinu gaiztoa kaleratu zuen, eta orain, urte luzeetan prestatu duen mendekuarekin itzuliko da. Bere plana jeinu guztiak eguberri iragarki bihurtzea izanen da, horrela bera bakarrik litzateke opariak eginen lituzkeena. Baina horri aurre egiteko, Jeinuen Biltzarrak Pixi Post izanen du, Eguberrien Zaindaria.

Egileak
Somuga ekoiztetxearen lana da gaur mustuko dena. Gorka Sesmak zuzendu du filma eta bere lantaldean bi sakandar izan ditu: Jose Mari Morcillo altsasuarra eta Urko Mauduit irurtzundarra. Morcillok filmean agertzen diren pertsonaia guztien diseinua egin du. Ia 300 bat pertsonaia sortu eta adierazkortasuna eman die. Altsasuarrak aitortu digunez, hainbeste pertsonaia sortzeko azkenean gertukoen artean bilatu du inspirazioa eta haien hainbat karikatura agertzen omen dira filmean. Halako lanetan eskarmentua du Morcillok Somuga ekoiztetxearen lan guztietan parte hartu baitu (Munduari buelta doan, Gartxot, Yoko eta lagunak…)

Altsasuarrak egindako marrazkiak 3 dimentsioetara bihurtu eta haiei mugimendua ematea izan da hurrengo pausoa. Teknologia horrek garai bateko argazkilaritzaren errebelatu prozesu moduko bat behar du, randerizazioa. Eta horretan aritu zen Mauduit. Irurtzundarra bukaeran sartu zen lanera eta martxan zegoen lantalde batean egokitu behar izan zuen. Ekoiztetxe txikia denez plano bat nola egin zehazten zuten. Horretarako 12 ordenagailu egun osoz lanean jartzen zituen irurtzundarrak handik ateratakoa kanpoko beste ekoiztetxe batean lantzen zuten eta beste hainbat plano lortzen zituzten horrela. Bere profesionaltasunerako salto txikia izan dela aitortu digu Mauduitek, nahiz eta aurretik Somugan 3 hilabetez Yoko eta lagunak serieko marrazkiei hezurrak jartzen aritu.