Herri galdeketak garagarrilaren 18an

Herri galdeketen aldeko sinadura bilketei hasiera

Guaixe 2016ko abe. 27a, 20:11

Ekainean Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olaztin eta Ziordian erabakitzearen aldeko herri galdeketak burutuko dira. Asteartean herri hauetako Gure Esku Dago taldeetako kideek eta ekimenari atxikimendua eman dioten sakandarrek talde argazkia atera zuten, herri galdeketak babestu eta sinadura bilketak abian jarriko direla adierazteko

Etxarri Aranatzen eta Bakaikuko bideari jarraiki, 2017ko ekainean erabakitzearen aldeko herri galdeketak egingo dira Sakanako 7 herritan: Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olaztin eta Ziordian. Uharte Arakilen, Arruazun eta Iturmendin ekimenarekin bat egitea aztertzen ari dira. Asteartean ekimena sustatzen duten Gure Esku Dago taldeetako kideek eta ekimenari euren babesa eman dioten sakandarrek agerraldia egin zuten Lakuntzan, herri galdeketei euren babesa azaldu eta herri galdeketak gauzatu ahal izateko aurki aipatu herrietan eginen diren sinadura bilketei sostengua emateko.

Ekitaldian Arbizuko Gure Esku Dago taldeko Pello Urzelaik azaldu zuenez, “herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da. Erabakiaren aroa hasi da Euskal Herrian, eta herritarrok gara aro horren protagonistak. Nola bizi nahi dugun erabaki nahi dugu, mugarik gabe, menpekotasunik gabe. Etxarri Aranatzen estatus politikoari buruzko lehen herri galdeketa egin zen, herritarren ekimenez, erabakitzeko eskubidea gauzatuz. Hazi hura emankor gertatzen ari da. Bakaikun ere egin da horrelako herri galdeketak, eta laster, askoz herri gehiagotan egingo dira, baita Sakanan ere”.

Sinadura bilketetan euren sinadura ematera animatu dituzte sakandarrak
Pello Urzelaik gaineratu zuenez, “adierazpen hau sinatzen dugunok adierazi nahi dugu Sakanan datorren ekainean ildo beretik hainbat herritan egin asmo duten herri galdeketek gure sostengua dutela. Aukera ezin hobea izango dira Sakanako herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko”. Horrela, aurki Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olaztin eta Ziordian herri galdeketak burutu ahal izateko burutuko diren sinadura bilketan euren sinadura ematera animatu zituzten sakandarrak. “Animatu nahi ditugu Sakanako herritarrok herri galdeketak egitearen alde sina dezaten eta prozesuan parte har dezaten. Izan ere, denoi dagokigu etorkizuna erabakitzea. Denon kontua da. Gure esku dago” nabarmendu zuten ekitaldian parte hartu zutenek.

Atxikimenduen zerrena
June Alzelai (Ziordia), Patxi Amillano (Altsasu), Jonan Apaolaza (Urdiain), Anabel Arraiza (Lakuntza), Jon Arretxe (Arbizu), Jorge Azanza (Ziordia), Mikel Azpiroz (Lakuntza), Arantza Berastegi (Irurtzun), Zoila Berastegi (Arbizu), Izaskun Beunza (Olazti), Benjamin Botanz (Olazti), Kristina Fernandez (Arbizu), Tania Ganboa (Lakuntza), Eneko Gartziandia (Olazti), Katrin Ginea (Arbizu), Imanol Goikoetxea (Urdiain), Iñigo Goikoetxea (Urdiain), Luis Igeltz (Lakuntza), Aitziber Iragi (Irurtzun), Txiki Iriarte (Irurtzun), Adelaida Kintana (Olazti), Mikel Lakuntza (Altsasu), Martin Larraza (Lakuntza), Mikel Lasarte (Irurtzun), Hiart Leitza (Arbizu), Ane Lizarraga (Arbizu), Luis Mari Lopez (Altsasu), Karmele Marañon (Arbizu), Youness El Marhoum Rafaa (Lakuntza), Alfredo Markinez (Olazti), Joxemi Martis (Ziordia), Itziar Matxain (Irurtzun), Hodei Mazkiaran (Altsasu), Jon Morcillo (Olazti), Oskia Ollakarizketa (Irurtzun), Jesus Mari Olmos (Altsasu), Ramon Paniagua (Altsasu), Mikel Reparaz (Arbizu), Nerea Reparaz (Arbizu), Joseba Salegi (Altsasu), Elena Santano (Altsasu), Mikel Saralegi (Irurtzun), Castillo Suarez (Arbizu), Maddi Urra (Irurtzun), Pablo Urtasun (Urdiain), Pili Vicente (Olazti), Enrike Zelaia (Altsasu), Xabier Zelaia (Altsasu) eta Migel Angel Zubiria (Urdiain).