Binakakoa: Zabaletak eta Ezkurdiak hiruna puntu

Guaixe 2017ko urt. 9a, 09:29

Igandean elkarren kontra lehiatuko dira Logroñon

Binakako 6. jardunaldia gozoa izan da Jose Javier Zabaletarendako eta Joseba Ezkurdiarendako, biek euren partidak irabazi baitituzte.

Elezkano lesionatuta
Urrutikoetxearen eta Imazen kontra aritu ziren Elezkano II.a eta Zabaleta, ostiralean, Eibarren. Partida arraroan, 16 eta 22 gailendu ziren lehenak. Egia esan, partidan sartzea, erritmoa hartzea eta jokoarekin gozatzen hastea kosta egiten zaie Elezkano II.ari eta Zabaletari, baina partida erdialdetik aurrera gora egiten dute eta Urrutikoetxearen eta Imazen kontra ere horrela gertatu zitzaien. Parez pare aritu ziren bi bikoteak, takadaka, baina hamahiruko berdinketaren ondoren, eta arerioena zen pilota bat baliatuta, bote handia hartu zuena, tantoak pilatzen hasi ziren Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta eta garaipen ederra lortu zuten, txapelketako 3. puntua lortzea ahalbideratu ziena. Aldiz, Urrutikoetxeak eta Imazek puntu bakarrarekin jarraitzen dute, egoera konplikatuan. Aipatzekoa da Elezkanok eskuin orkatila mindu zuela azken aurreko tantoan eta ikusteko dago noizko osatuko den. Bitartean, Erik Jakak hartuko du bere lekua. Eta Zabaletak ere eskuan arazoekin bukatu zuen.

Olaizolaren gripeak mesede egin zien Ezkurdia eta Merino II.ari
Bestalde, igandean, Aimar Olaizolaren eta Untoriaren kontra aritzea tokatzen zitzaien Joseba Ezkurdiari eta Merino II.ari. Hiru egunez gripeak jota ohean egon ondoren, iganderako hobe egongo zela aurreikusten zuen Olaizolak, baina ez zen hala izan eta igande goizean konfirmatu zuen ezin izango zuela aritu. Horrela, Victorrek hartu zuen bere tokia. Horrek mesede egin zien Ezkurdiari eta Merino II.ari, nabarmentzekoa baita bikote errioxarrak akats ugari egin zituela.

Ezkurdia eta Merino aurreratu ziren hasieran, baina bikote errioxarrak erantzuten jakin zuen eta takada bikainean 4 eta 7 aurreratu ziren. Baina hortik aurrera agintea hartu zuten Ezkurdiak eta Merino II.ak. Untoria ez zen atzean fin ibili eta, azkenean, 22 eta 12 irabazi zuten Ezkurdiak eta Merino II.ak, errioxarren akatsak tarteko. Pazientzia eta lana; piloteoa eta lan eta lan egin ondoren arerioengan pitzadurak sortzea; hori da Ezkurdia eta Merino II.aren sistema, eta geroz eta hobe doakie. Partida nahiko erosoa izan zen irabazleendako, ea aipatzekoak izan ziren Josebaren boleak.

Sailkapena, estua
Binakako sailkapena estu-estua dago. Irribarria eta Rezusta dira onenak, 6 punturekin, orain arte partidarik ez baitute galdu. Orain arte txapelketako jaun eta jabeak dira. Ondoren, 3 puntu dituzten 5 bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a, Olaizola II.a-Untoria, Altuna II.a-Barriola eta Artola-Albisu. Bengoetxea VI.ak eta Larunbek 2 puntu biltzea lortu dute eta Urrutikoetxeak eta Imazek partida bakarra irabazi dutenez, puntu bakarra dute.

Sakandarrak elkarren kontra
Binakako 7. jardunaldian pilotari sakandarrak elkarren kontra lehiatuko dira. Logroñoko Adarragan jokatuko da Ezkurdia-Merino II.a eta Elezkano II.a ordezkatuko duen Erik Jaka-Zabaletaren arteko partida (ETB1). Bi bikoteek hiruna puntu dituzte, irabaztetik datoz, eta laugarren puntua lortzeko gogor borrokatuko dira, zalantzarik gabe. Izan ere, estu-estu dagoen sailkapena apurtzen hasteko ezinbestekoa izango da laugarren puntu hori eskuratzea. Erik Jakak lesionatuta dagoen Elezkanoren hutsunea nola beteko duen ikustekoa dago ere.

Binakakoa. 7. jardunaldia
Irribarria-Rezusta / Bengoetxea-Larunbe (ostiralean, 20:30ean, Hendaian. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Altuna III.a-Barriola (larunbatean, 17:45ean, Iruñean)
Ezkurdia-Merino II.a / Elezkano-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Urrutikoetxea-Imaz / Victor-Albisu (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)