Binakakoa: laugarren puntua Jaka eta Zabaletarendako

Guaixe 2017ko urt. 19a, 08:43

Partida ikusgarrian, atzean Zabaletak agindu zuen eta aurrean Jakak sekulako erakustaldia eman zuen: 5 tantotan utzi zituzten Altuna eta Barriola

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 7. jardunaldian sartu zen lehian Erik Jaka, lesionatu berri zen Danel Elezkanoren tokia hartzeko. Zabaletarekin bikoa osatuta, Joseba Ezkurdia eta David Merino izan zituzten aurkari Logroñon. Partida horretan ez ziren ongi ibili Jaka eta Zabaleta. Akatsa bata bestearen atzetik –Jakak 8 akats egin zituen, lautan txapa jo zuen eta Zabaletak ere akats ugari egin zituen–, azkenean 22 eta 15 galdu zuten Ezkurdia eta Merinoren kontra.

Atzo Binakako 8. jardunaldia mustu zuten Jakak eta Zabaletak. Altuna eta Barriola izan zituzten aurkari. Kasu honetan bai, emandako aukera bikain aprobetxatzen jakin zuen Erik Jakak. Berarendako izan ziren partidako ia txalo gehienak. Izan ere, ikusgarri egon zen Lizartzako aurrelaria. Atzeko koadroetan Jose Javier Zabaletak agintzen zuela ikusita, sekulako erakustaldia eskaini zuen.

Hasierako tantoan akatsa egin zuen Jakak, baina hortik aurrera ez zuen bat bera ere egin. Lehen tantoa Altuna eta Barriolarendako izan zen, baina horren atzetik 12 tanto segidan egin zituzten Jakak eta Zabalak. Zabaleta nagusi izan zen atzean, eta Barriola menperatzeaz gain, erraz saihestu zuen Altuna. Izan ere, Zabaletak horrela jokatzen duenean, ia geldiezina da. Eta hori bikain aprobetxatu zuen Jakak, mota eta tankera guztietako tantoak egiteko, tartean sei sake errematez. Luze sakatu zuen Jakak, eta Barriolak ezin izan zion airea kendu. Eta paretan Altuna ezinean aritu zen partida osoan. Zalantzarik gabe, Altuna eta Barriolaren partida kaxkarrena izan zen.

Pentsatzekoa da hurrengo partidarako Danel Elezkano osatua egongo dela. Baina Jakak oso baliagarria dela erakutsi du eta, zalantzarik gabe, Aspeko beste aurrelariren batek baja hartzen badu, Jakak ordezko izateko txartel guztiak izango ditu. Elezkanok eta Zabaletak laugarren puntua lortu dute eta tantoen aldea ere alde dute. Hortaz, egun, sailkapenean, hirugarrenak kokatu dira.