San Anton kofradiak festara bilduak

Guaixe 2017ko urt. 20a, 12:03

Dorraoko, Bakaikuko eta Urdiaingo kofradiek bihar ospatuko dute euren eguna. Iturmendiko kofradia, aldiz, domekan bilduko da.

Mandazainek XVII. eta XVIII. mendeetatik XIX.era arte gurean oso garrantzitsuak izan ziren; euren ekonomia jardunaren lekuko biziak dira, oraindik ere, San Anton kofradiak. San Anton saindua animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen babeslea da eta ilbeltzaren 17a da haren eguna. Bere izena duten kofradiek euren eguna ospatuko dute asteburuan. Hildako kofradeak gogoratzeaz aparte, karguak berrituko dituzte ibarreko lau kofradiek. Ospakizuna bazkari ederrekin despedituko da.

Dorrao


San antondar dorrobarrak bihar elkartuko badira ere, gaur prestatuko dute biharko gosaria. Bihar, 9:00etan, elizan dute hitzordua. Hildako kofradeen omenezko elizkizuna eta gero priorearen etxera joanen dira. Han errespontsua –Aita Gurea eta Agur Maria– errezatu ondoren elkarteko bidea hartuko dute. Itur-aldea elkarteko mahaien bueltan gosalduko dute kofradeek. Guztiak ere 15:00etako bazkarian elkartuko dira atzera ere.





Bakaiku


Hitzordua 13:00etan dute jarria Bakaikuko San Anton kofradiako kideek, elizan, mezara joateko. Handik atera eta elkartean, 14:30ean, anaitasun bazkaria izanen dute. Giroa alaitzeko akordeoilariaren laguntza izanen dute. Zehazki, kofradiaren 301. urteurrena ospatuko dute, aurten, san antondar bakaikuarrek. 1.715 urtetik kofradiaren martxa jasotzen duen akta liburuan kargu berritzeak eta urtean barna izandako mugimenduak jasoko dituzte.





Iturmendi

San Antonen eta San Migelen irudia duen bandera aldean dutela, san antondar iturmendiarrek domekan ospatuko dute euren eguna. Kofradeak 11:00etako mezan elkartuko dira. Ondoren, apaiz etxean batzarra eginen dute, kontuak zertan diren jakiteko eta egoki jotzen bada arduradun berriak aukeratzeko. Hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatu ondoren, Aritzaga elkartean bazkaltzera elkartuko dira.


Urdiain


Bihar, 12:00etan, elizkizunean elkartuko dira san antondar urdiaindarrak. Hildako kofradeak izanen dituzte gogoan mezan. Garai batean meza ondoren animaliak bedeinkatzen zituzten, horien faltan herriko soroen eta abereen bedeinkapena eginen du apaizak eta San Antonen omenezko kanta abestuko dute.
Eliz aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren, herriaren etxean batzarra eginen du kofradiak. Kontuak egunean jarri eta karguak berrituko dituzte atzera ere. Aitziber elkartean bazkaita joanen dira eta hura despeditutakoan, maiordomoen etxeetan jan-edanak izanen dituzte.