Ezkurdia: “Binakako borrokan sartuta egon nahi dugu, eta horretarako larunbatean irabazi beharra dago”

Guaixe 2017ko urt. 26a, 09:11

Ezkurdiak, Merinok, Zabaletak eta Elezkanok larunbateko partida garrantzitsurako materiala aukeratu zuten asteazkenean Labriten

Binakako Txapelketako 9. jardunaldiko partida interesgarrienetako bat Labriten jokatuko da, larunbatean (ETB1). Joseba Ezkurdiak eta David Merinok lesiotik osatu den Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta izanen dituzte aurkari. Lau pilotariek asteazkenean egin zuten pilota aukeraketa, ikusmina handia zela.

Ezkurdia eta Merinok aukeratutako pilotek bote gehiago zuten eta Elezkano eta Zabaletarenak, aldiz, gutxiago. “Frontoiko tenperatura hotza zen gaur, baina larunbatean epelago egongo da. Ezin dira ondorio argiak atera. Azkenaldian ikusten ari garena da pilotak bizpahiru tanto irauten dutela, berehala gastatzen direla” aipatu zuen Merinok.

Elezkanok adierazi zuen jokatzeko moduan zegoela. “Astearteko probaren ondoren kontentu geratu nintzen, orkatilean ez bainuen minik sentitu. Lehiaketako erritmoa falta zait, baina sentsazioak onak dira. Ea larunbatean partida ongi bukatzen dudan, eta garaipenarekin bada, oraindik hobe”.

Urrezko puntua
Bi bikoek launa puntu dituzte eta, hortaz, oso garesti dago jokoan dagoen puntua, sailkapeneko berdinketa apurtuko baitu. Azken bi partidatan Jakak ordezkatu du Elezkano. Hain zuzen ere Jakak eta Zabaletak 22 eta 15 galdu zuten Ezkurdiaren eta Merinoren kontra hasierako ligaxkako lehen bueltan eta, aurreko astean, 5 tantotan utzi zituzten Altuna eta Barriola. Bere aldetik, Ezkurdia eta Merino Urrutikoetxea eta Imazen kontra galtzetik datoz. “Partida bideratuta izan genuen baina ez genuen jakin behar bezala ixten. Pena handiarekin, baina puntu oso garrantzitsuak egin zigun ihes” azaldu zuen Ezkurdiak.

Horregatik bi bikoek badakite larunbatean Iruñean jokoan dagoen puntua oso garrantzitsua dela. “Irabazten duen bikotea sailkapenean ongi kokatuko da. Gu izaten saiatuko gara. Borrokan sartuta egon nahi dugu, eta horretarako larunbatean irabazi beharra dago” nabarmendu zuen Ezkurdiak. Arbizuarrak aipatu zuen Elezkano arerio arriskutsua dela, ezkerrarekin ongi defendatzen dena, baina benetako arerioa Jose Javier Zabaleta dela. “Bikote horretan Joserena da batuta. Josek dominatzen badu, aurrelariek errazago dute” aitortu zuen.

“Zabaleta partidak dominatzen ari da. Eurak desoroso jartzen saiatu beharko gara, gustura jokatu ez dezaten” ondorioztatu zuen Merinok.