Xabier Bengoetxea, txapeldun handia

Guaixe 2017ko urt. 26a, 14:42

31. Haur Mailako Zirkuituko Intersport Irabia-Dunlop Torneoa irabazi du ziordiarrak. Tenis federatutako torneo bat irabazten duen lehen sakandarra da

Rubor-Altsasu Tenis Klubeko Xabier Bengoetxea Ijurra ziordiarrak pozik egoteko arrazoi asko dauzka. Bengoetxeak 31. Haur Mailako Zirkuituko Intersport Irabia-Dunlop torneoan hartu du parte hilabete honetan. Txapelketa Iruñeko Tenis Klubeko instalazioetan jokatu da eta sekulako maila eman du.

Lehen asteburuko aurretiko fasean, ilbeltzaren 14an, Xabierrek garaipen sendoa lortu zuen Lucas Isturizen kontra (6 eta 2 eta 6 eta 2), bikain jokatu eta gero. Hurrengo egunean arerio gogorragoa izan zuen, Alvaro San Migel. Lehen setean 5 eta 7 galdu zuen ziordiarrak, baina ez zuen burua galdu eta bigarren setean gailentzea lortu zuen, 6 eta 2. Hirugarren seteko super tie-breakean burua argi izaten eta heldutasunez jokatzen jakin zuen Xabier Bengoetxeak eta tie-breaka eta partida irabaztea lortu zuen, bukaerako faserako sailkatuz.

Bukaerako fasean Hugo Ancin izan zuen aurkari, txapelketako zerrenda-burua. Eta sorpresa emateko gai izan zen Xabier Bengoetxea. Sakeak bikain aterata, akats bikoitzik egin gabe, bere jokoa egiten hasi zen; arerioa deseroso jartzea lortu zuen eta ikusleen txaloak sortu zituen jokaldiak borobildu zituen, kalitatezko dejadaren bat eta beste. Ziordiarraren errestoak ere bikainak izan ziren eta, azkenean, garaipena lortu zuen, ordu eta erdi iraun zuen partidan (7 eta 5, 3 eta 6 eta 10 eta 6).

Lehen sakandarra
Final handia igandean jokatu zuen Xabier Bengoetxea Ijurrak, Adrian Arizkurenen kontra, torneoko bigarren zerrenda-burua. Lehendabiziko seta galdu zuen ziordiarrak, bere lehen finala izanik, akaso urduritasun puntu horrengatik. Baina bigarren setean nerbioak kontrolatzen jakin zuen Bengoetxeak, bigarren seta, partida eta finala irabaziz. Tenis federatutako final bat irabazten duen lehen sakandarra dugu, beraz, Xabier Bengoetxea Ijurra.

Meritu handia
“Xabierrek lortu duena handia da. Meritu handia du. Astero Tenis Rubor klubeko klaseek irauten duten bi ordutan soilik entrenatzen du. Hemen, Sakanan, ez dago tenis instalaziorik bakoitzak bere kabuz entrenatu nahi duenean bertara joateko. Iruñeko tenis jokalariek, aldiz, kristoren instalazioak dituzte: tenis klubean, Amaian, San Juanen… Beraz, tenislariak ez daude maila berean, Iruñekoek askoz ere gehiago entrenatzen dutelako, gu baino mila ordu gehiago. Horregatik diot, berriro, Xabierrek lortu duena handia dela. Zorionak Xabier, horrela jarraitu, tenisarekin gozatzen eta, ahal denean irabazten” adierazi du Tenis Rubor Altsasu elkarteko koordinatzaile Ricardo Canterok.

Tenis Rubor Altsasu Tenis Elkarteak urte asko daramatza Altsasun tenisa sustatzen. Ricardo Cantero koordinatzaile dela, bi talderekin egiten dute lan. Batetik, tenis eskola dago, 7 urtetik 16ra urtera bitarteko neska-mutikoek osatzen dutena, eta, bestetik, hobekuntza taldea dago, helduena. Klaseak Altsasu Institutuko kirol-pista estalian ematen ditu Tenis Rubor Altsasu Tenis Elkarteak.